Antonio Mercero Museo Birtuala aurkeztu dugu gaur

Gaurko prentsaurrekoan webgune honen garapenari dagokionez, bi ezaugarri nagusi azpimarratu ditugu:

  1. Euskarari lehentasuna eman nahi izan diogu: Kontuan izanik Antonio Merceroren erreferentzialtasunak Euskal Herriko mugak gainditzen dituela, hizkuntza lehenetsia euskara izatea proposatu genuen. Hala, nabigatzailean defektuz euskarazko bertsioa kargatzen da, nahiz eta webguneko edukiak lau hizkuntzan kontsultatu daitezkeen: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Antonio Merceroren ibilbideari errepasoa egiten dion ikus-entzunezkoaren kasuan, frantsesezko eta ingelesezko bertsioetan, off-a euskaraz entzun daiteke eta azpitituluak aipatu hizkuntzatan… Honekin Iametzak euskara Euskal Herritik kanpora ere erreferentziala bilakatzea du helburu. Museo fisikoa egin izan balitz, bertara sartzean euskaraz artatua izatea bezala da, lehen hitza euskaraz egitea, hain zuzen ere, baina kasu honetan mundu birtualean.
  2. Dokumentazio lana: Lasarte-Oriako Udalak hainbat material pasa zigun (bideoak, argazkiak, prentsako artikuluak…). Gure lana material hori guztia zintzilikatzeaz gain, dokumentazio lana egitea izan da, Antonio Merceroren lan bakoitza testuinguruan jartzea, ezaugarri nagusienak nabarmentzea eta abar. Horretarako besteak beste, bere lagun eta senideekin elkarrizketa bat antolatu genuen, Antonio Merceroren bizitzari buruz gehiago jakiteko helburuarekin. Elkarrizketa hartan jasotakoa modu laburrean bada ere, webguneko Bizitza pertsonala atalean jaso dugu, ‘Mercero ezagutzen dugu, baina nor zen Antxon?‘ azpiatalean.

Helburua webgune bizia izatea da. Horregatik Harremanetarako atalaren bidez, material berria daukan edonor gonbidatzen dugu ekarpenak egitera.

Hemen ikus dezakezue Museo Birtualari sarrera ematen dion bideoa:

 

Aurreko bidalketa
Bilaketa bakarrari buruz hitz egingo dute biharko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan
Menua