Bizi Baratzearen oinarri garrantzitsuena jendearen parte hartzea bultzatzea da. "Dena dakienik ez da. Denon artean dena dakigu" eta "eman eta hartu" lelo jakobitei jarraituz erabiltzaileek beren ekarpenak egin ditzakete: agendako ekitaldien berri eman, Jakoba Errekondori galderak egin eta beste erabiltzaileek egindako galderak erantzun, hiztegirako hitz berriak proposatu eta liburutegia liburu berriekin osatu.

Noizbait baratzean aritu den edonork daki ze garrantzitsua den eguraldiaren iragarpenen berri izatea. Behar horri erantzunez Euskal Herri osoko herrientzako hurrengo zazpi egunetako eguraldiaren iragarpena eta ilargiaren efemerideen informazioa jarri ditugu. Ilargiaren orrian aste horretako lanei buruzko Jakoba Errekondoren gomendioen berri ere jasoko du irakurleak.

Landareak atalean gai desberdinei buruzko artikuluen biltokia da: baratzea/ortua, etxe barruko landareak, lorategiak, basoa, fruituak eta abar. Azalean gai horietako bakoitzeko artikulu bana nabarmenduko ditugu egunero, landarezaleek zer irakurri eta ikasia izan dezaten. Jakoba Errekondok urte luzez ARGIA aldizkarirako idatzitako artikuluak biltzeaz gain, BiziBaratzea.eus-erako sortutako eduki berriak ere aurkituko ditu bertan interesa duen edonork.

Galdetu eta erantzun atalak landareei buruzko zalantzak argitzea du helburu. Jakoba Errekondori galderak egin eta besteek egindako galderei erantzuteko aukera dago bertan. Landarezaleek informazioa trukatu eta elkarri laguntzeko bilgunea sortzea da helburua. Webgune berritua martxan jarri genuen lehen egunean bertan hasi ginen galdera berriak jasotzen. Horrelako gune baten beharra zegoela erakusten du horrek.

Agenda atalaren helburua lehen sektorearekin erlazionatutako Euskal Herri osoko ekitaldien berri ematea da: aurkezpenak, azoka, bisita gidatuak, dastaketak, eguneko jardunak, hitzaldiak, ikastaroa, Jakoba Errekondoren solasaldiak, jardunaldiak, lehiaketak…

Beste atal garrantzitsu bat hiztegia da. Hiztegi hau ez da hizkuntzalarien lana. Jakoba Errekondok Euskal Herriko bazter eta txoko guztietan izandako solasaldietan bildutako hitzak dira oinarria. Hitzak denonak diren neurrian, denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren hitzen meta. Zure herrian hitz bereziren bat erabiltzen bada, ez egin zalantzarik eta bidali horretarako prestatutako formularioa erabiliz. Adibidez, aitzurrarekin lurra ahal den gutxiena harrotuz, gainean dituen belarrak ipurditik moztu eta kentzeari "izakitu" esaten diogu Usurbilen baina badira esanahi bera duten beste hainbat hitz eder: zopizartu, azalaitzurtu, azartu, saratu, xarrakatu, atxartu, axarkatu, azalatu…

Liburutegia landareen munduarekin erlazionatutako liburu elektronikoen biltokia da. Gainerako ataletan bezala hemen ere erabiltzaileek beren proposamenak egiteko aukera izango du.

Hainbeste informazio biltzen duen webgune batean guztiz beharrezkoa da bilatzaile txukun bat edukitzea eta bizibaratzea.eus-en ere badago, nola ez, eduki zehatz baten bila dabilenak erraz aurki dezan.

.cc-by-sa-lizentzia-oina {
width: 85%;
background-color: #ccc;
padding: 5px 20px;
max-width: 800px;
margin: 0 auto;
}
.cc-by-sa-lizentzia-oina p a {
color: #333;
}
.cc-by-sa-lizentzia-oina p a:hover,
.cc-by-sa-lizentzia-oina p a:focus {
color:#999;
text-decoration:none;
}

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.