ENIAC proiektua: itzalpeko emakume programatzaileak

Emakume eta Neska Zientzialarien Eguna da otsailaren 11a, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016an hala izendatu zuenetik. Zientzia eta teknologia hainbat esparrutan eskutik helduta joaten direnez, eguna aprobetxatu nahi izan dugu gertakari historiko bat gurera ekartzeko.

2016/2017 ikasturteko Unibertsitate Adierazgarrien Estatistikak argitaratu dituen datuen arabera, Espainiako estatuan, informatikako gradua da unibertsitate ikasketetan parekotasun txikiena duena: %12,1 baino ez dira emakumeak. Etorkizuneko emakume informatikarien datuak kezkagarriak diren bitartean, informatikaren hastapenetan paper garrantzitsua jorratu zuten, ENIACen (Electronic Numerical Integrator and Computer) sorreran, besteak beste.

Lehen konputagailu elektronikoa izan zen ENIAC. 1946an aurkeztu zuen gizon talde batek, proiektuaren protagonismo osoa heureganatuz. Itzalean, baina, sei emakume aitzindariren izenak ezkutatu zituzten zeinak ordenagailuaren programazioaz arduratu ziren. Betty Jean Jennings, Kathy McNulty, Frances Bilas, Elizabeth Snyder, Ruth Lichterman eta Marlyn Wescoff dira gizonezkoak baino ageri ez ziren argazkietatik kanpo geratu ziren informatikariak.

Emakumeen ordua

II. Mundu Gerra mugarria izan zen aurrerapen teknologikoei dagokienez. Historian lehen aldiz, esaterako, begiz ikusteko urrunegi zegoen etsaia ere jomuga bihurtu zen armentzat, urruneko muinoetatik jaurtitako artilleria jaurtigaientzat, edota hegazkinetatik botatako bonbentzat. Kalkuluak funtsezkoak izan ziren jaurtiketak behar bezala egiteko. Gerra eremuetatik kanpo zegoen lana zen, unibertsitateetan egiten zen, besteak beste, eta gizonezkoak gudu zelaian zeudenez, emakumezkoak hartu zuten ardura. Matematikan jakintza izatea izan ohi zen ikerketa taldeetan sartzeko ia eskakizun bakarra. Lana, ordea, gogotik egin behar izaten zuten: Kalkulu diferentzialeko ekuazio horietako bakoitzak, adibidez, 30 orduko lana zuen, eta milaka eta milaka ekuazio egin behar zituzten.

Hasieran aipatutako emakume talde hark lanean jarraitu zuen, baita aliatuek Europan garaipena eskuratu ostean ere. Balistikarako kalkuluak bizkortzeko helburuarekin, makina bat asmatzen ari ziren Pennsylvaniako Unibertsitatean. Sekretupeko proiektua zen eta John Mauchly eta J.Presper Eckert ziren buruak. Benetako erronka makina bera sortzea zela uste zuten proiektuaren arduradunak ziren gizonek, eta programazioa bezalako lan “aspergarri eta astunek” beste batzuek egiteko zereginak zirela. Hala, unibertsitate berean jo eta su ekuazioak egiten zebiltzan emakumeei eman zieten ardura. Betty Jean Jennings, Kathy McNulty, Frances Bilas, Elizabeth Snyder, Ruth Lichterman eta Marlyn Wescoff izan ziren ENIACen programatzaileak.

Sekretupean egin zuten proiektua zela argudiatuta, emakumezko programatzaileek ez zuten oso berandu arte segurtasun baimenik izan makina bera ikusteko. Hau da, makina fisikoki ikusi gabe jardun zuten lanean. Planoen gainean aztertu zuten nola izan zitekeen makina haren funtzionamendua, ideia argirik izan gabe halako dimentsiotako proiektua zela. 18.000 huts tutu eta zirkuituz eta kablez jositako milaka zati zituen 27 tonako makinak, eta funtzionamendu osoa ikasi ostean, hura programatzen asmatu zuten. Lan aspergarria izatetik urrun, sorkuntza handiko lana izan zen. Ez hori bakarrik, prozesuan sortu ziren arazoak zirela medio, makinaren ingeniariek baino jakintza handiagoa lortu zuten, eta programazioa edo softwarea ez ezik, hardwarea ere ondo asko ezagutu zuten.

Ezkutuan, ia desagerrarazteraino

1946ko otsailean aurkeztu zuen AEBetako Gobernuak ordura arte sekretupean landutako ENIAC makina. Bertan egon ziren unibertsitateko goi karguak, Armadaren eta Gobernuaren ordezkariak eta makinaren asmatzaileak. Sei emakume programatzaileak, ordea, ez zituzten gonbidatu. Hasia zen haien presentzia lausotzen.

Hedabideetan, aurkezpenaren berri ematean ez zen emakume haien aipamenik ere egin. Argazkietan ere desagertuz joan ziren. The New York Times egunkariak plazaratu zuen argazki nagusia atzeko planoan agertzen ziren bi emakume. Gero, erreklutamendurako propaganda egiteko erabili zenean, argazki hura bera moztu egin zuten, ENIACeko emakumeak desagerraraziz.

Gerra bukatu eta gizonezkoak AEBetara itzuli zirenean, matematiketan jantziak ziren emakumeentzako tokirik ez zen gelditu Armadako proiektuetan, kriptografian, kalkuluan… Gobernutik irakaskuntzara edota aseguru konpainiatara joateko gomendioa eta guzti egin zitzaien. Sei emakume haietako batzuek, dena den, teknologiaren arloan jarraitu zuten, programazioaren historiako lehen pauso haietan parte hartuz.

Konputagailuen iraultzak, dena den, guztien beharra zuen eta emakumeak ere informatika alorrera deitzea beste erremediorik ez zen izan hurrengo hamarkadetan. Aurreiritzik gabeko alor berria zenez, emakume ugari sartu zen, hori bai, lanpostu horiek gero eta prestigio handiago lortu zuten arte. Hori gertatu zenean pixkanaka arloa maskulinizatzen joan zen, “gizonezkoen gauza” bihurtu arte konputagailuen afera.

 

Aurreko bidalketa
[BIDEOA] 2018aren errepasoa. Eskerrik asko eta urte berri on!
Hurrengo bidalketa
Iametza itxita egongo da martxoaren 8an
Menua