Eta zuk euskaraz komunikatu nahi duzu Interneten?

  • Euskal Herriko Interneteko webguneen %17k erabiltzen du euskara. Euskararen Kale Erabileraren azken neurketaren arabera %13,3koa da euskararen kale-erabilera. Eta kale erabilerarekin gertatzen den bezala, .EUS domeinuaren presentzia handiagoa da euskarak indar gehiago duen lurraldeetan.
  • Interneteko TLD (Lehen mailako domeinuak) aztertuta, .EUS da euskara gehien duen TLDa. Oso normala dena, bestalde, .EUS domeinua eskatzerako garaian bete beharreko baldintza baita webguneak euskal komunitatearekin lotura izatea. Hala, .EUS domeinuen kasuan euskarazko edukia duten webguneen kopurua %88koa da.
  • Gaur egun guztira 16.559 dira Euskal Herrian euskarazko edukia duten webguneak eta horietatik 4.500ek .EUS domeinu-izena dute (%27 gutxi gora behera).
  • Euskal Herriko Interneteko merkatu osoari begiratuta, .COM eta .ES dira TLD nagusiak, merkatuaren %77 hartuz bien artean. Gainerako TLDek merkatu kuota txikia hartzen dute. Euskal Herrian erregistratutako domeinu-izenen artean .EUS %2 baino ez da oraingoz, .INFO domeinuaren pare.
  • Urtebeteko bizitzan 4.500 .EUS domeinu-izen erregistratu dira: %34 enpresek erregistratu dituzte, %19 erakunde publikoek eta %15 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek.
  • Munduko 783 domeinu izen berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .EUSek kalitateari eta SEOri dagokionean.
  • .EUS erregistroen %10 Euskal Herritik kanpo egin dira.

Datu hauek ikusita nire partetik zorionak PuntuEUS Fundazioari.

4.500 erregistro ez dela asko esan dezake norbaitek, baina erregistroen %34 enpresek egina izatea txalotzekoa da, enpresetan helburu ekonomikoak nagusi izan ohi direla eta militantziaren pisua eskasa dela guztiok dakigunean.

Hala ere datuek erakusten digute oraindik bide luzea dugula egiteko, euskara erabiltzen duten webguneen %27ak soilik baitauka .EUS domeinua. Zergatik ez gainontzeko %73ak? Arrazoi desberdinak egon daitezke, baina oinarrian errealitate soziolinguistikoa dagoela esango nuke. Kale erabileraren datua %13an kokatzen dugun testuinguru batean, zer garrantzia aitortzen diogu euskarari eta euskaraz bizitzeari?

Euskaraz bizi bagara zentzu guztia dauka gure webgunea .EUS izatea, besteak beste, posizionamenduan eta bilaketen emaitzetan eragin baikorra izango duelako, ezbairik gabe. Horrela bizi ez badugu ordea, zentzurik ez diogu topatzen diru gehiago ordaindu behar izateari. Eta zergatik dira .EUS domeinuak besteak baino garestiago? komunitate txikia garen heinean, gastuei aurre egiteko bakoitzak gehiago jarri behar duelako. Ni seguru nago komunitatea handitzen doan heinean hori ere aldatuz joango dela, baina bitartean amaiezineko zirkulu batean gaude, prezioak ezin dira jaitsi erregistrorik ez badago eta erregistroak egitea kosta egiten da prezioa jaisten ez bada…

Baina hilabetez behintzat aitzakiarik ez dago: abenduaren 3tik 31ra .EUS domeinu berriak eskuratzea 10 euro kostako da lehen urtean. PuntuEUS Fundazioak neurri honekin 5.000 erregistrora iristea du helburu. 500 erregistro berrri hilabetean. Ez da asko, kontuan izanik jomugan 12.059 izan beharko liratekeela (euskara erabiltzen duten 16.559 webguneak – 4.500 jada eginiko erregistroak).

Eta zuk euskaraz komunikatu nahi duzu Interneten?

 

 

Aurreko bidalketa
Web aplikazioak aplikazio natiboen mailan jartzeko bidean
Hurrengo bidalketa
#datraolat aurkeztuko dugu Durangoko Azokako Kabi@ gunean