CKEditor-eko gure HTML5 audio pluginak 2500 deskarga baino gehiago

2016/06/22 · Asier Iturralde

CKEditor testu-editorean HTML5 audioak modu erraz batean txertatzeko aukera ematen duen plugina garatu eta argitaratu genuen otsailean. Orduz geroztik 2500 deskarga baino gehiago izan ditu. CKEditor-en gehigarrien orrian eskura dezakezue: http://ckeditor.com/addon/html5audio

Zer da CKEditor?

CKEditor webguneetan erabiltzen den software libreko testu-editore bat da. TinyMCErekin batera webguneetan gehien erabiltzen den testu-editoreetako bat da. Webgune baten administrazioan lan egin baduzu ia seguru CKEditor erabili duzula noizbait.

CKEditorrek LibreOffice Writer edo Microsoft Word-en antzeko funtzionalitatea eskaintzen du. Webgune batean modu errazean formatu aberatseko testua txertatzeko aukera ematen du, letra-tipo eta tamaina desberdinak, letra lodia, etzana, azpimarratua... Horretaz gain edukia osatzen duten irudiak, zerrendak eta abar gehitzeko aukera ematen du.

CKEditor izenak inor gutxik ezagutzen duen historia kuriosoa du. Jatorrizko izena FCKeditor zen, Frederico Caldeira Knabben sortzailearen izen-abizenen hasierako letregatik, baina gerora CKEditorrera aldatu zuten “FCK”k ingelesezko fuck hitzaren antz handiegia zuelako.

 

Zer da CKEditorreko plugin bat?

Pluginek CKEditor-ri funtzionalitate gehigarriak gehitzeko aukera ematen dute, adibidez, botoi berriak gehituz. Horri esker posible da web garapenari buruzko ezagutzarik ez duten erabiltzaileek jatorrizko funtzionalitateaz gain beren beharretara egokitutako eduki konplexuak sortzea.

 

iametzak argitaratutako HTML5 audio plugina

ARGIAko lankideek argia.eus webgunean modu erraz batean lizentzia libredun irratien irratsaioak txertatzeko aukera eduki nahi zutela adierazi zidaten. CKEditorren gehigarrien artean beharrezko funtzionalitea eskaintzen zuen pluginik ez zegoela ikusita garapen propio bat egitea erabaki genuen.

Garapen eta proba fasea igaro ondoren ARGIAren administrazioan txertatu nuen. Kazetariek ondo hartu zuten berritasuna eta geroztik maiz txertatzen dituzte Arrosa Sarea, Hala Bedi, Euskalerria irratia eta abarren audioak.

Plugin honekin oso erraz txertatu daitezke HTML5 audioak webguneetan. Kurtsorea audioa txertatu nahi den lekuan kokatu eta CKEditor-en tresna barrako bozgorailu itxurako botoian klikatzean leiho bat irekitzen da. Bertan erabili nahi dugun audioaren URLa sartu daiteke edo audio fitxategi berri bat kargatu zerbitzarira. Ondoren, Ados botoia sakatzea nahikoa da prestatzen ari garen web edukian audio erreproduzitzaile bat txertatzeko.

 

Audio erreproduzitzaile hori ezkerrean, eskuinean edo erdian lerrokatu daiteke. Adibidez, honela ikusten da ezkerrean lerrokatzean:

CKEditorren HTML5 audioak txertatzeko funtzionalitatean hutsune nabaria zegoela eta gure proiektuetan CKEditor asko erabiltzen dugula kontutan izanda komunitateari ekarpen bat egiteko asmoz gure plugina CKEditorren gehigarrien webgunean argitaratu eta software libre bezala askatzea erabaki genuen. CKEditor.com webguneko gehigarrien orrian aurki dezakezue: http://ckeditor.com/addon/html5audio

Interesa duen edonork erabil dezake bere webgunean, doan. Software librea denez nahi duenak eskubidea du kodea aztertu, bere beharretara egokitzeko aldaketak egin eta aldaketa horiek dituen plugin berri hori banatzeko. Baldintza bakarra GNU GPLv3 lizentzia erabiltzen jarraitzea da.

Argitaratu genuen egunean bertan ezusteko atsegin bat izan genuen, CKEditorren komunitateko partaide batek errusierara itzuli baitzuen gure plugina. Software libreak ematen dituen poz txiki-handi horietako bat. Geroztik ukranierara ere itzuli du beste erabiltzaile batek. Une honetan euskaraz, gazteleraz, ingelesez, errusieraz eta ukranieraz erabil daiteke. Mila esker smartcorestudio eta Sensetivity!


 

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.


facebook
0
twitter
iametza interaktiboa

Zirkuitu ibilbidea 2 - 1. pabiloia
Lasarte-Oria (Gipuzkoa)

T (+34) 943 376 716
F (+34) 943 372 772

kaixo@iametza.eus

Euskarabildua Puntu eus
iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa
©2015 iametza interaktiboa