'Egunean' kaleratu dugu, lehen euskarazko CC lizentziadun albiste sindikatzailea

2018/06/27 · Elisabeth Pombo,

Iametza interaktiboak, Ametzagaiña taldearekin batera, garatu du Egunean, irakurlea aktualitateari buruz egunean egoteko. Creative Commons lizentziapean zabaltzen diren edukiak soilik kontuan hartzea erabaki dugu, modu honetara zabalkunderako lizentzia hautu hori egiten duten hedabideak saritzeaz gain, informazioaren demokratizazioa bultzatzen dugu, egile eskubideekin egon daitezkeen arazoak saihestuz.

Egunean-ek Creative Commons (CC) lizentziapean zabaltzen dituzten hedabideen berrien RSSak kapturatu eta denbora errealean erakusten ditu. Hedabide horien artean aurkitzen da besteak beste, gure taldekide den ARGIA.

Egunean-ek bilaketa zehatzak egiteko aukera eskaintzen du, baina horretaz gain, norberak aukeratu ditzake bere intereseko gaiak: Kultura, politika eta ekonomia, zientzia eta teknologia, kirola eta orokorrak. Horrela, irakurleak soilik bere intereseko albisteak jaso ahal izango ditu eta ez du informazioaren bila webgune batetik bestera nabigatzen ibili beharko. Zerbitzuak albisteak gorde eta sare sozialen bidez partekatzeko aukera ere ematen du.
 

Software librea erabiliz garatu den multzokatze teknologia

Albiste bera hedabide desberdinetan agertu bada, sistemak informazioa multzokatu egiten du, nahiz eta hizkuntza desberdinetan zabaldua izan den. Momentuz aplikazioak euskara, gaztelera, ingelesa eta katalana ulertzen ditu.

Multzokatzea software librea erabiliz garatu da. Sistemak egiten duena honakoa da: hizkuntza desberdinetan emandako albiste guztiak hizkuntza bakarrera itzultzen ditu lehendabizi, Apertium tresnaren bidez, ondoren albistea sinplifikatu egiten du, garbiketa linguistikoa zein formazkoa eginez eta azkenik Indri softwarearen bidez albisteen multzokatzea burutzen du. Garapen hau burutzeko hizkuntza teknologietan esperientzia handia duen Aitor Maritxalar informatikariaren laguntza izan dugu.

 

Play Storetik instalatu gabe mugikorrean erabil daitekeen aplikazioa

Egunean Web Aplikazio Progresiboa da. Horrek esan nahi du Play Storeko aplikazio bat instalatu gabe eta mugikorreko askoz memoria gutxiago erabiliz, mugikorreko mahaigainean aplikazio gisa ezarri daitekeela. Horretarako honako urratsak jarraitu behar dira:

Androideko Chrome

  1. Mugikorreko Chrome nabigatzailetik www.egunean.eus helbidera sartu.

  2. Nabigatzailearen ondoan agertzen den hiru puntitodun ikonoan klik egin eta “Añadir a pantalla de inicio” (Chromek ez du euskarazko bertsiorik) aukera sakatu

Androideko Firefox

Androideko Firefox-en kasuan oraindik sinpleagoa da eta gainera nabigatzailea euskaraz erabil daiteke. Nahikoa da www.egunean.eus helbidera sartu eta goian agertzen den plus ikur bat duen etxetxoaren ikonoa sakatzea.

 

Irakurleek hedabide berriak proposatu ditzakete

Euren edukiak modu librean zabaltzen dituzten hedabideek eskaintzen duten demokratizazioan sakondu asmoz, Egunean-ek hedabide berriak proposatzeko aukera eskaintzen du. Beraz, edozeinek euskaraz, gazteleraz, ingelesez edo katalanez gaur egun Egunean-eko zerrendan agertzen ez den bestelako hedabiderik ezagutzen badu, berau proposatu ahal du, formulario labur bat betez. Horretarako komunikabidearen izena eta URL-a adierazi beharko ditu. Iametzako lan taldeak hedabide horrek Egunean-era gehitzeko beharrezko ezaugarriak betetzen al dituen egiaztatuko du. Gehitzen den hedabidearen edukiek CC lizentziapean zabaltzeko baimena eta RSS jarioa izan beharko dute.

Kazetari, komunikatzaile eta informatua egon nahi duen herritar ororentzat bereziki baliagarria den garapena da Egunean. Informazioa orduz-ordu eskura edukitzeko eta modu praktikoan antolatu eta zabaldu ahal izateko.

 


facebook
0
twitter
iametza interaktiboa

Zirkuitu ibilbidea 2 - 1. pabiloia
Lasarte-Oria (Gipuzkoa)

T (+34) 943 376 716
F (+34) 943 372 772

kaixo@iametza.eus

Euskarabildua Puntu eus
iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa
©2015 iametza interaktiboa