Emakumeok ere kodea ulertzen dugu

2016/03/08 · Asier Iturralde, Elisabeth Pombo, Naiara Exposito, Joxemari Irazusta, Maitane Vierbücher, Ale Goikoetxea

Emakumeen Eguna den honetan omenalditxoa egin nahi izan diogu egunero-egunero, bakoitza bere esparrutik, batzuetan isilik eta beste batzuetan ozen, lanean ari diren emakume guztiei eta bereziki zientzia eta teknologiaren esparruan jarri dugu begirada.

Zer ari da gertatzen arlo teknikoetan? Zientzia, Teknologia, Ingenieritza eta Matematika alorretan ez dela izango datozen 10 urtetan merkatuak eskatuko dituen lanpostuak betetzeko adina profesional (iturria: Blogthinkbig). Horri genero ikuspegia gehitzen badiogu, arazoa larriagoa da. Gaur egun IKT alorrean mundu mailan emakumeen presentzia ez da %25era iristen (iturria: prnewswire.com). Duela gutxi Iametzan ere frogatu ahal izan dugu hori. Programatzaile lanpostura aurkeztutako curriculum guztietatik %10 soilik zen emakumeena.

Lerro hauen bidez zientzia eta teknologiaren alorrean nabarmendu diren emakumeak gogoratu nahi izan ditugu. Historiak sarritan alboratu ditu emakumeak. Horregatik oso garrantzitsua da bilketa eta berreskuratze lana. Horixe izan da hain zuzen ere, martxoaren 15era arte Ondarruko Etxelilan zabalik dagoen Emakume asmatzaileak erakusketaren helburua. Jarraian aipatuko ditugun emakume hauetako hainbat aipatu erakusketan aurkitu ahal izango dituzue.

Chieko Asakawa

Iturria: TED

Chieko Asakawa japoniarrak atleta olinpikoa izan nahi zuen baina igerilekuan izandako istripu baten ondorioz nerbio optikoa kaltetu zuen eta 14 urterekin erabat itsu gelditu zen. Garai hartan Japonian pertsona itsu askok masajeak emanez irabazten zuten bizibidea baina Chiekok garbi zuen pertsona itsuentzako lan aukera berriak sortu beharra zegoela.

Ingeles literaturan unibertsitate gradu bat eskuratu ondoren itsuentzako informatikako kurtso baten berri izan zuen eta bertan izena eman zuen.

Optacon (Optical to TActile CONverter) izeneko gailu elektromekaniko bat erabiliz programatzen ikasi zuen. Prozesu neketsu eta gogaikarria zen gailu honekin lan egitea baina Chiekok zailtasunei aurre egin zien eta 1984an Tokioko IBM ikerketa taldean lanean hastea lortu zuen. Bere lehen proiektua ordura arte erabiltzen ziren Braille idazmakinak ordezkatzeko testu-editore digital moderno bat sortzea izan zen. Lan horri esker asko ugaritu ziren braillezko testuak.

1990eko hamarkadaren erdi aldera Internet ezagutu zuen eta pertsona itsuei sarea erabiltzea errazteko lanean hasi zen buru-belarri. 1997an testutik hizketarako (text-to-speech) teknologia erabiliz webeko edukiak irakurri eta teklatuaren bidez nabigatzeko aukera ematen zuen Netscape nabigatzailearentzako plugin bat argitaratu zuen. Arrakasta handia izan zuen, itsuei mundurako leiho bat ireki eta informazio kantitate izugarria jarri baitzien eskura.

Interneteko irisgarritasuna hobetu ondoren gaur egun mundu fisikoa irisgarriago egiteko lanean ari da. Teknologia erabiliz itsuek mundua ikus dezaten nahi du. Horretarako eraikinen barnean zein kanpoan funtzionatuko duen nabigazio sistema duen eta kamera bat erabiliz pertsonak eta objektuak ezagutu eta pertsonaren aurpegikera (irrifarrez ari den, haserre dagoen...) interpretatuko duen aplikazioa garatzen ari da. Guztiz gomendagarria da TEDen emandako hitzaldi hau ikustea.

Duela gutxi Euskal Herrian izan da eta Elhuyar aldizkarian elkarrizketa interesgarri bat egin zioten.

 

Iturria: Wikipedia

Margaret Hamilton

Margaret Hamilton (1936) zientzialari konputazionala, matematikaria eta sistemetako ingeniaria da. Massachusetts-eko Institutu Teknologikoko (MIT) zuzendaria izan zen Software-Ingeniaritzako Sailean. Bertan garatu zuten Apollo espazio-programako softwarea. Hamiltonek berak garatutako programa bati esker Apollo 11-ren ilargiratzean arazo larri bat ekidin zen.

Hamiltonek 1986an enpresa bat sortu zuen, Hamilton Technologies Inc., eta bertako zuzendari-kudeatzailea izan zen. Enpresak sistema informatikoak eta software-diseinua landu zuen eta bere oinarria Sistemetarako Lengoaia Unibertsala izan zen.

Hamiltonek hainbat sari ere irabazi ditu:

  • Augusta Ada Lovelace Saria (1986). Association for Women in Computing emandakoa.
  • Zientzia eta teknikako ekarpenerako NASA Exceptional Space Act saria (2003).
  • Aparteko Ikasleentzako saria (2009), berak ikasi zuen Earlham Kolegioan.

Hedy Lamarr

Hedwig Eva Maria Kiesler (Viena, 1914ko azaroak 9), zinemaren historian izan den emakume ederrena bezala ezaguna da, baina baita espektro hedatua delakoaren lehen bertsioaren asmatzailea delako.

Ingeniaritza ikasketak utzi zituen ibilbide artistikoan zentratu ahal izateko. 1933an Extasis filmak ospea eman zion. Izan ere, film hura emakuzmeko baten fideltasun ezaz hitzegiten zuen lehena izateaz gain, emakume biluzi bat erakutsi zuen historiako lehen filma ere izan zen eta lehenengo orgasmoa ere antzeztu zen bertan.

Baina Hedy, aurpegi polit bat baino gehiago izango zen etorkizunean.

 

“Edozein neska izan daiteke glamour handikoa. Egin behar duzun gauza bakarra: geldirik egon eta ergela zarela irudikatu”

 

Iturria: Wikipedia

Bere lehen senarrak, Friedrich Mandl, Hitler eta Mussoliniren munizio eta hegazkin hornitzailea, bere gurasoak behartu zituen berarekin ezkontzeko. Friedrich-en jelokortasunak emaztea etxean giltzaperatzera eraman zuen, baina Hedy-k egoera aprobetxatu zuen ingenieritza ikasketak bukatzeko. Ihes egiteko plana prestatu zuen, eta etxetik ateratzen utzi zion momentu batean lortu zuen.

Londresera heldu bezain pronto, Metro Goldwyn Meyer-eko enpresari bat ezagutu zuen eta berarekin bidaiatu zuen Estatu Batuetara. Zine munduan lan egiten jarraitzea ahalbidetuko zion kontratu batekin. Horrela, atzean utzi zituen senarra eta bigarren mundu gerra hastear zegoen Europa.

George Antheil musikagilea ezagutu zuen, eta berarekin elkarlanean urrunetik gidatutako torpedoak antzemateko sistema garatu zuen. Hedy Lamarr-ek gizarteari egindako ekarpena ez zen bere edertasunera mugatu, noski. Espektro hedatuaren teoría formulatzeko izan zuen gaitasuna izan zen bere ekarpena; gaur egungo GPS, WIFI eta Bluetooth-aren aitzindaria, hain zuzen.

Estatu Batuek Hedy Lamarren patentea lehen aldiz Kubako misilen krisian erabili zuten, eta 1980 urtera arte ez zen ingieniaritza zibilean erabili.

Asmatzaile bezala Hedy-ren lana ez zen onartu 2000. urtera arte, bera hil ondoren arte.

Nazioarteko asmatzaileen eguna, azaroak 9, bere oroimenez ospatzen da.

 

 

Ada Lovelace

Iturria: Wikipedia

Ada Lovelacek (1815-1852), Lord Byron poetaren alabak, aitak baino kontu prosaikoagoetara bideratu zuen inspirazioa.

Londres, 1815eko abenduaren 10a. Augusta Ada Byron, gerora King abizena hartuko zuena, Lovelaceko kondesa jaio zen. Anne Isabella Milbanke eta Lord Byron poeta ezagunaren alaba, gurasoak Adak hilabete besterik ez zuela banandu ziren, eta poetak Ingalaterra utzi zuen betiko. Amak txikitatik matematika eta logikarenganako interesa txertatu nahi izan zion, aitaren “erokerietatik” urrunduko zuelakoan.

Gaztetan Charles Babbage konputazioaren aitzindaria ezagutu zuen, eta amak bultzatutako matematikako ezaguerei esker harekin lanean hasi zen.

Ada Lovelaceren lana, nagusiki, Babbagek egiten eta diseinatzen zuena dokumentatzea zen, baina bere ekarpenak ere egin zituen. Kalkulu jakinak egiteko makinan sartu behar ziren jarraibideak idatziz jaso zituen. Hau da, programa bat idatzi zuen, problema ebazteko konputagailuak eman beharreko urrats sorta, eta programazio lengoaia deskribatu zuen, gehiegi sakondu ez arren. Hortaz, historiako lehen programatzailea izan zen. Zehazki, Ada Lovelaceko kondesak sortutako programak Bernoulliren zenbakien balioak kalkulatzen zituen.

Baina Lovelaceren dokumentazioa aztertuta garbi dago, konputagailua Babbagek sortu arren, Lovelacek gailu hark egin zezakeenaren ideia zabalagoa zuela. Babbegeren helburua, nagusiki, taula matematikoak inprimatzea zen, makina diseinatu zuenean. Bere laguntzaileak, ordea, askoz etorkizun oparoagoa aurreikusi zuen konputagailuarentzat; esaterako, tramankulu horiek egunen batean musika egiteko gai izango zirela uste zuen.

Lovelace hil eta ehun bat urtera hasi ziren haren ekarpenak gauzatzen; besteak beste, berak iradokitako txartel perforatuen erabilera hedatu zen. 1979an, AEBetako Defentsa Sailak Ada izena ipini zion programazio lengoaia bati eta Microsoftek haren aurpegia erabili izan du sistema eragileen lizentzia benetakotzat egiaztatzeko marka gisa.

Informazio gehiago: ARGIA

 

Iturria: Wikipedia

Grace Murray Hopper

1906. urtean New York hirian jaio zen Grace Murray Hopper. Zientzialaria eta militarra izan zen bere familiako aurrekariak bezalaxe. Informatika arloan nabarmendu zen Murray, izan ere, 50 eta 60 hamarkadetan Mark I erabili zuen lehenengo programatzailea izan zen. Horretaz gain, historiako lehenengo konpiladorea garatu zuen eta balioztatze metodoak ere egokitu zituen. Gaur egun oraindik erabiltzen den COBOL programazio lengoaia sortu zuen.

Bere lagunen artean Amazing Grace moduan ezagutzen zuten eta bere hitz jario oparoagatik ezaguna zen. Informatikarekin lotutako ekimenetan sarri gonbidatzen zuten bere berbaldi animatuengatik eta bere gerrako istorioengatik.


facebook
0
twitter
iametza interaktiboa

Zirkuitu ibilbidea 2 - 1. pabiloia
Lasarte-Oria (Gipuzkoa)

T (+34) 943 376 716
F (+34) 943 372 772

kaixo@iametza.eus

Euskarabildua Puntu eus
iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa
©2015 iametza interaktiboa