Firefox eta Chrome-rako labur.eus gehigarri berria eta #datraolat-ek etorkizuna ziurtatuta

2017/07/18 · Asier Iturralde

Azken egunetan 2 gehigarri argitaratu ditugu. Lehena, PuntuEUS Fundazioarentzat garatutako labur.eus zerbitzuaren Firefox eta Chrome-ko gehigarri berria eta bestea, etorkizuna ziurtatzeko eraberritutako #datraolat.

 

Firefox eta Chrome-rako labur.eus gehigarri berria

PuntuEUS Fundazioarentzat garatutako Firefox eta Chrome-rako gehigarri berri hauek URL helbideak laburtzeko labur.eus zerbitzua erabiltzea errazteko helburua dute.

Funtzionalitate hauek eskaintzen ditu:

  • Nabigatzailearen helbide barraren ondoan dagoen botoia sakatzean momentuko URLa laburtu eta arbelean kopiatzen du. Horri esker laburtutako URLa nahi duzun lekuan itsats dezakezu.

  • Edozein webgunetako esteka baten gainean saguaren eskuineko botoiarekin klik egitean agertzen den laster-menuan “Laburtu URL hau” aukera agertuko zaizu. Sakatzean URL hori laburtu eta arbelean kopiatzen du.

  • Gehigarriaren ezarpenen orrian zure labur.eus kontuarekin lotzeko aukera ematen du. Horri esker gehigarria erabiliz sortzen dituzun esteka laburtuen estatistikak ikusi ahal izango dituzu labur.eus-en.

 

Firefox-en instalatu nahi baduzu nahikoa da web orri honetara joan eta “Gehitu Firefox(e)ra” botoia sakatzea:

https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/labur-eus/

 

Chrome-n instalatzeko berriz joan web orri honetara eta sakatu “Add to Chrome” botoia:

https://chrome.google.com/webstore/detail/labureus/jigcnmpkcpaiiajphojdhgcpkfpdlhka

 

labur.eus gehigarria GNU GPLv3 lizentzia duen software librea da. Iturburu-kodea eskuragarri duzu Github-en:

https://github.com/puntuEUS/labur-eus-gehigarria

 

Abiapuntu bezala erabili genuen Julen Ruiz Aizpuruk garatutako laburtu gehigarriak MIT lizentzia du.

 

Firefox-erako #datraolat-ek etorkizuna ziurtatuta

Azken egunotan Firefox-erako #datraolat 0.4.1 bertsio berria ere argitaratu dugu. Funtzionalitate aldetik ez dakar berrikuntzarik, orain arte bezala sinple eta erabilgarria izaten jarraitzen du.

Aldaketa iturburu-kodean dago. Orain arte Firefox-en Add-on SDK erabiltzen zuen, baina etorkizunean funtzionatzen jarraitzea ziurtatzeko WebExtensions APIa erabiltzeko egokitu dugu. Izan ere, azaroan argitaratuko den Firefox 57tik aurrera hori izango baita gehigarrietan onartuko den teknologia bakarra eta teknologia zaharragoak erabiltzen dituzten gehigarriek funtzionatzeari utziko baitiote.

 

Firefox-en #datraolat instalatuta badaukazu, ez kezkatu, automatikoki eguneratuko baitzaizu eta esan bezala erabiltzeko garaian ez baituzu desberdintasunik antzemango.

 

Oraindik ez duzu #datraolat ezagutzen? Gehigarria argitaratu genuenean idatzitako artikulu honetan aurkituko dituzu jakin beharreko guztiak.

 

Instalatu nahi baduzu nahikoa da web orri honetara joan eta “Gehitu Firefox(e)ra” botoia sakatzea:

https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/datraolat/

 

Chrome-n instalatzeko berriz joan web orri honetara eta sakatu “Add to Chrome” botoia:

https://chrome.google.com/webstore/detail/datraolat/ikhhclhiaadknkboelpohlihcipomojk

 

#datraolat gehigarria ere GNU GPLv3 lizentzia duen software librea da. Iturburu-kodea eskuragarri duzu Github-en:

https://github.com/iametza/datraolat

 

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.


facebook
0
twitter
iametza interaktiboa

Zirkuitu ibilbidea 2 - 1. pabiloia
Lasarte-Oria (Gipuzkoa)

T (+34) 943 376 716
F (+34) 943 372 772

kaixo@iametza.eus

Euskarabildua Puntu eus
iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa
©2015 iametza interaktiboa