Gipuzkoako erdigunea: Felix Isasaren kalkulua, saroi bat eta Goiazko elizako “NP 368” plaka zirkularraren misterioaren argipena

2018/11/26 · Asier Iturralde

Urrian blog honetan argitaratu nuen "Non daude Euskal Herriaren eta bere 7 herrialdeen erdigune geografikoak?" artikuluaren jarraipena da hau. Orduz geroztik Gipuzkoako erdigune geografikoari buruz jakin ditudan hainbat kontu azalduko dizkizuet: hasteko 2015ean Felix Isasak egindako kalkuluaren xehetasunak, ondoren erdigunetik gertu dagoen egitura bat aipatuko dut, nire ustez saroi bat dena, eta amaitzeko, uste zabaldu baten arabera Gipuzkoako erdigune zehatza den Goiazko elizako atariko "NP 368" plaka zirkularraren jatorria eta benetako esanahia argituko ditut.

Aurkibidea

 

Felix Isasaren Gipuzkoako erdigune geografikoaren kalkulua

Urriaren amaieran Tolosaldeko Atariko Imanol Garcia Landa kazetaria nirekin harremanetan jarri zen, blog honetan argitaratu nuen "Non daude Euskal Herriaren eta bere 7 herrialdeen erdigune geografikoak?" artikulua irakurri zuela eta Gipuzkoako erdigunearen kokapenari buruz artikulu bat idatzi nahi zuela esanez eta nire kalkuluen inguruko kontuez elkarrizketatu ninduen. Azaroaren 9an gaiari buruzko artikulu bana argitaratu zuen Imanolek Tolosaldeko Atarian eta Gipuzkoako Hitzan.

Elkarrizketa egin ondorengo egunean berriz deitu zidan Imanolek. Beizaman galdezka ibili zela eta nire aurretik Felix Isasak (2004an Euskal Herriko erdigunea kalkulatu zuen ingeniaria) ere kalkulua egina zuela eta oso antzeko emaitza lortu zuela esanez. Beizamako Natur Eskolan lan egindako Igone Arruti beizamarrak Imanoli kontatu zionez, bertara joaten zirenei Beizama Gipuzkoako bihotza, erdigunea, zela esaten zieten. Esan hori ezagun baten bidez iritsi zitzaion Felix Isasari eta honek nola ez, kalkulua egin zuen egiaztatzeko.

Felix Isasak 2015eko urrian kalkulatu zuen Gipuzkoako erdigune geografikoa. Interneten begira ibili arren kalkulu horren xehetasunik inon topatu ez dudanez hemen argitaratuko dut Imanol Garcia Landak eman zidan informazioa, etorkizunean eskuragarri egotea interesekoa delakoan.

Beizamako Udalak elizaren ondoko
plazan jarritako harria eta mapa.
(Arg: Tolosaldeko ataria CC-BY-SA 3.0)

Felix Isasak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamenduaren mapa katastrala erabili zuen kalkulua egiteko. Mapa horrek UTM ED50 koordenatu sistema erabiltzen du eta Gipuzkoako azalera 1 km-ko aldeak dituzten laukien sare batean banatzen du. Maparen longitude ardatzak (X) 72 lauki ditu eta latitude ardatzak (Y) 57, hau da, mapak 72 x 57 km irudikatzen ditu.

Bi lauki mota daude:

  • Barrukoak: km2 osoa hartzen dute, hau da 100 hektarea (ha). Honelako 1.840 lauki daude.

  • Ertzekoak: Gipuzkoaren mugak irudikatzen dituzte, horregatik ez dute km2 osoa hartzen, 1 eta 99 ha arteko balioa dute. Horrelako 292 lauki daude.

Kalkuluak errazteko laukien azaleraren balio osoa beren erdiguneko puntuan (x + 0,5 ; y + 0,5) kontzentratuta dagoela suposatu zuen. Suposaketa hori zuzena da erdiko puntuen kasuan, ertzekoetan errore txiki bat suposatzen du, baina kalkulu orokorrean ez du ia garrantzirik, erroreak batez beste konpentsatzen direlako.

Erdigune geografikoa kalkulatzeko bi balio kalkulatu zituen, batezbesteko longitudea eta batezbesteko latitudea. Bi lerroak gurutzatzen diren puntuan dago erdigunea. Balio horiek lortzeko Excel kalkulu-orri bat erabili zuen. Zutabeetan X koordenatuak jarri zituen eta errenkadetan Y koordenatuak. Gelaxka bakoitzean dagokion laukiaren azalera hektareatan jarri zuen, barrukoen kasuan 100 eta ertzetakoen kasuan 1 eta 99 arteko zenbaki bat.

Zutabe bakoitzeko gelaxka guztiek longitude bera dute. Beren baloreak batu eta dagokion longitudearekin biderkatu zituen. Berdin egin zuen zutabe guztiekin eta azkenean 72 zutabeen emaitzak batu zituen. Batuketaren emaitza azalera osoaren balioaz zatituz batezbesteko longitudea lortu zuen.

Batezbesteko latitudea lortzeko antzera egin zuen. Errenkada bakoitzeko gelaxka guztiek latitude bera dute. Beren azalerak batu eta beren latitudearen balioarekin biderkatu zituen. 57 errenkadekin berdin egin zuen eta guztien emaitzak batu zituen. Batuketaren emaitza azalera osoarekin zatituz lortu zuen batezbesteko latitudea.

Isasaren kalkuluaren berri eman zieten aldundiari eta Beizamako udalari. 2015ean udaleko ordezkariek makila bat jarri zuten erdigunearen kokapen zehatzean, beizamarrek "makilak" edo "makilariak" ezizena dutelako. Herriko erdigunean, eliza ondoko plazan, “Gipuzkoako erdigunea” grabatua duen harri bat ere jarri zuten eta ondoan erdigunea non dagoen adierazten duen mapa bat.

Felix Isasak ED50 koordenatu sisteman egin zituen kalkuluak eta gero ETRS89ra bihurtu. Nik nire kalkuluan alderantziz egin dut. Bihurketekin eta zenbaki festa honekin nahastu ez banaiz hauek dira bion emaitzak:

 

Egilea ED50 koordenatuak ED50 koordenatu geografikoak ETRS89 koordenatuak ETRS89 koordenatu geografikoak
Felix Isasa X = 565.608 Y = 4.777.332 Latitudea: 43° 8' 38" N, Longitudea: 2° 11' 41" W X = 565.502 Y = 4.777.123 Latitudea: 43° 8' 38" N, Longitudea: 2° 11' 40" W
Asier Iturralde X = 565.582 Y = 4.777.285 Latitudea: 43° 8' 40" N, Longitudea: 2° 11' 41" W X = 565.480 Y = 4.777.076 Latitudea: 43° 8' 37" N, Longitudea: 2° 11' 41" W

 

Emaitzak oso antzekoak dira. Kontuak ondo egin baditut 50 metro inguruko aldea dago bien artean. Kalkuluen errorea kontutan izanda bi emaitzak bat datozela esango nuke.

Gipuzkoako erdigune geografikoa Beizamako lurretan dago, Aginamendi auzoan, Urrakiko tontorretik. Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil arteko muga hirukoitza ere erdigunetik gertu dago. Hala ere, onena mapan ikustea. Bi puntuak irudikatu ditut. Markatzaileetan klik eginda noren kalkulua den jartzen du:

 

 

Felix Isasak berak kalkulatutako erdigunetik inguruko hainbat puntu esanguratsutara dagoen distantzia ere kalkulatu zuen:

 

Lekua Distantzia
Beizama (Udaletxea) 1.193 m
Goiatz (Eliza) 2.214 m
Bidania-Goiatz (Udaletxea) 2.855 m
Errezil (Udaletxea) 2.871 m
Gertuen dagoen mendi tontorra 285 m – Urraki (Beizama)
Gertuen dagoen beste udalerrien muga 352 m – Bidania-Goiatz
Gertuen dauden baserriak 665 m – Aginaga eta Aginagatxo (Beizama)

 

Erdigunetik gertuen dauden Aginaga eta Aginagatxo baserrietan bizi izan den Maria Dolores Otaegi elkarrizketatu zuen Zuhaitz Gurrutxagak 2018-11-25ean ETB1eko "Herri txiki, infernu handi" saioak Beizamari eskainitako programan. Bideoan ikus daitekeenez baserrien arteko bidean eserita egon ziren. Erdigune zehatza hortik 700 metro eskasera dago.

 

 

Gipuzkoako erdigunetik gertu saroia?

Gipuzkoako erdigune geografikotik gertu 90-100 metro inguruko diametroa duen borobil tankerako baso bat dago. Ez naiz aditua, baina lehen begiratuan atentzioa deitu zidan. Itxura guztien arabera saroi bat da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ortoargazkietan begiratzea bururatu zitzaidan. 2017an eta 1954an hegazkinetik hartutako argazkia ikus ditzakezue jarraian. 1954koan erditik banatutako itxitura borobil bat ikusten da argi eta garbi.

 

 

Saroiak, sarobeak edo kortak ganadua bildu eta babesteko erabiltzen ziren zirkulu itxurako lekuak ziren. Oraindik ere nabarmen ikusten dira airetik edo satelitetik hartutako irudietan Euskal Herriko hainbat lekutan. Adibidez, Bizkaian Zeanuri eta Dima inguruan badira hegazkinetik hartutako irudietan oso erraz ikusten diren batzuk:

 

Saroiek erdian artamugarria, austerritza, austarria edo kortarria izeneko harri bat izaten zuten. Harri horiek marrak izan ohi zituzten gainean markatuta. Marra horiek saroiaren zirkuluaren azalera mugatzen zuten bazter-mugarri deituriko harri txikiagoen kokapena adierazten zuten. Bazter-mugarriak erdiko mugarritik soka bat erabiliz neurri jakin batera jartzen zituzten. Gorabila izeneko luzera unitatea erabiltzen zuten horretarako.

 

Zizurkilgo Selako gaineko saroiko artamugarria. Gainean 6 zati banatzen dituzten 3 marra ditu zizelkatuta.
Argazkia: Asier Iturralde Sarasola (Wikimedia Commons CC-BY-SA 4.0)

 

Aurreko artikulu batean azaldu nuen bezala Euskal Herriko erdigune geografikoa Andiamendi mendilerroko Olibesario izeneko leku batean kokatua dago. Hegoaldeko goi nafarreraz sariok saroi esan nahi du. Ziur aski saroi bat izango zen han ere garai batean. Kasualitatea da Gipuzkoa eta Euskal Herriko erdiguneetan saroiak egotea, baina abeltzaintzak Euskal Herrian izan duen garrantziaren adierazgarria izan daiteke.

 

Goiazko elizako “NP 368” plaka zirkularraren misterioaren argipena

Tolosaldeko Atariko Imanol Garcia Landa kazetariarekin hitz egin nuen nuen lehen aldian historikoki Bidania-Goiatz Gipuzkoako erdigunetzat hartu izan dela esan zidan. Behar bada oker egongo naiz, baina uste horren oinarrian tradizioa dagoela esango nuke eta ez kalkulu bat.

1445. urtetik 1700. urtera arte Bidanian biltzen ziren Gipuzkoako Batzar Bereziak, hasieran Usarraga baserrian eta aurrerago San Bartolome elizan. Batzar Nagusiak urtean bitan biltzen ziren, baina bitarte horretan presazko gai bat sortzen bazen Batzar Berezia deitzen zuten eta herrietako ordezkariak Bidanira joaten ziren. Erabaki garrantzitsuak hartu ziren bertan, adibidez, 1481ean Ingalaterrako Erregearekin sinatu zen bake ituneko Gipuzkoaren ordezkariei Usarragan eman zitzaien horretarako boterea. Itun horrek 10 urterako balioa zuen eta gipuzkoarren eta ingelesen artean adiskidetasunezko harremana zegoela adierazten zuen eta liskarrik ez zela egongo, ez lurrez eta ez itsasoz. 2000. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak plaka bat jarri zuen Usarraga baserrian, azken Batzar Berezitik 300 urtera. ETB1eko “Herri txiki infernu handi” saioak Bidania-Goiatzi eskaini zion programaren zati honetan ikusten da plaka hori. Testu hau du:

"Gipuzkoa eratu zenetik
1700. urtera arte,
Usarragan, Gipuzkoako
erdigune honetan,
bildu ziren Gipuzkoako
Batzar Bereziak."

 

ETB1eko “Bizirik” saioak 2012ko uztailaren 9an Bidegoian-Goiatzi eta Etxalarri eskainitako programan ere aipatzen da Bidania-Goiatz Gipuzkoako erdigune bezala eta uste zabaldu baten arabera erdigune zehatza, zentro-zentroa dena ere agertzen da: Goiazko elizako sarrerako eskailera batean dagoen eta “NP 368” idatzita duen metalezko plaka borobila.

 

 

Zer esan nahi dute letra eta zenbaki horiek? Zergatik jarri zuten hor plaka hori?

 

Goiazko elizako sarrerako eskailera mailan dago plaka zirkularra.
Argazkia: Tolosaldeko ataria CC-BY-SA 3.0
Plaka zirkularraren xehetasuna. "NP 368" jartzen du.
Argazkia: Tolosaldeko ataria CC-BY-SA 3.0

 

Gaindegiako Mikel Ayestaran Olanok jarri ninduen galdera horiek erantzuteko bidean. Geodesia eta Kartografian goi-mailako ingeniaria da eta UEUk antolatutako “Lurraldea ulertu eta aztertzeko beste modu bat. GIS librea eta Geoprozesamendua (QGIS)” ikastaroko irakaslea. Kurtso horretan ezagutu nuen Mikel. Behar bada erantzuna jakingo zuelakoan Goiazko “NP 368” plakaren misterioa kontatu nion. NPk Nivelación de precisión (doitasunezko nibelazioa) esan nahi duela eta bere ustez nibelazio puntu bat dela erantzun zidan.

Alacant-eko udaletxeko eskaileretan dago
"NP 1" plaka zirkularra
Arg: Joanbanjo (Wikimedia Commons CC-BY-SA 4.0)

Nibelazioa bi edo puntu gehiagoren arteko desnibela edo altuera diferentzia kalkulatzeko prozedura da. "Nivelación de precisión" deituriko sarea XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran Espainiako estatuan hainbat punturen altuera zehatza neurtzeko osatu zuten doitasunezko nibelazio sare bat da. Goiazko elizako plaka puntu horietako bat da.

1867an Nazioarteko Geodesia Elkarteak egindako bileraren ondoren elkarteko estatuak doitasunezko nibelazio lanak egiten hasi ziren. Herrialde bakoitzean zehar hainbat punturen altuera neurtu eta seinaleztatzea zen helburua. Horretarako, zero altuera edo nibelazioaren jatorria zehaztu behar zuten lehenik, gero gainerako puntu guztien altuera erreferentzia horrekiko emateko.

Espainiako estatuaren kasuan Alacant (Valentzia, Herrialde Katalanak) aukeratu zuten zero altuera bezala, Mediterraneo itsasoa barea delako eta mareek eragin txikia dutelako. Zero altuera hori zehazteko, 1870ko uztailaren 1etik 1872ko uztailaren 30era arte, egunean lau aldiz (9:00, 12:00, 15:00 eta 18:00tan) neurtu zuten itsasoaren maila Alacant-eko portuan egurrezko erregela batekin.

Zero altuera zehaztu ondoren erreferentzia horrekiko altuerak neurtzen hasi ziren. Lehen puntua Alacant-eko udaletxeko aurreneko eskailera maila izan zen. 3,409 metroko altueran zegoela zehaztu zuten eta "NP 1" plaka jarri zuten bertan.

Alacant-eko udaletxeko eskaileretako
"NP 1" plakaren xehetasuna.
Arg: Joanbanjo (Wikimedia Commons CC-BY-SA 4.0)

 

Hortik abiatuta doitasunezko nibelazio sarea osatu zuten topografoek errepide eta trenbideen trazatuak jarraituz puntuz puntu altuerak neurtuz. Puntu baten altuera neurtzeko aurrekoarena erabiltzen zuten erreferentzia bezala. Bi motatako puntuak zeuden sare horretan:

  • Nagusiak: eraikin garrantzitsuetan jarri ohi zituzten: udaletxeak, elizak, tren geltokiak... Elkarren artean 25 km baino gutxiagora egoten ziren. 10 cm-ko luzerako eta 3 cm-ko diametroko brontzezko zilindroen bidez markatzen zituzten. Zilindroak lurrean sartzen zituzten eta 8 cm-ko diametroko eta 6 mm-ko lodierako plaka zirkularra uzten zuten agerian. Plaka horiek NP eta sareko puntuaren zenbakia izaten zuten markaturik. Mota honetakoa da Goiazko elizakoa, guztira jarri zituzten 2.150etatik 368.a.
    Seinale nagusi hauen gainean altuera adierazten zuten plaka obalatuak jartzen zituzten kasu batzuetan, batez ere tren geltoki eta eraikin publikoetan.
    Erriberriko (Nafarroa) tren geltokian dagoen plaka.
    Arg: Canduela (Flicker CC-BY-NC-ND 3.0)

     

  • Bigarren mailakoak: Kilometroko tartearekin jartzen zituzten. Puntuak markatzeko 1,5 cm-ko diametroa eta 1 cm-ko lodierako burua zuten 10 cm-ko luzerako eta 1 cm-ko diametroko brontzezko iltzeak erabiltzen zituzten.

 

Hego Euskal Herritik hainbat lerro pasatzen ziren:

  • 16. lerroa: Santanderretik Behobiara (errepidetik). Lerro honetakoa zen Goiazko elizako NP 368 plakak adierazten duen puntua.
  • 17. lerroa: Soriatik Durangora (errepidetik).
  • 19. lerroa: Zaragozatik Behobiara (errepidetik).
  • 42. lerroa: Logroñotik Jakara Iruñean zehar (errepidetik).
  • 48. lerroa: Zaragozatik Altsasura (trenbidetik).

1922an osatu zuten sarea. Plaka guztien kokapenak, 1925ean argitaratutako, "Catálogo de las Altitudes de las Señales metálicas de la red" (euskaraz "Sareko seinale metalikoen altueren katalogoa") liburuan zerrendatzen dira. Interneten begira ibili nintzenean ez nuen digitalizatutako bertsiorik aurkitu baina bigarren eskuko liburuen denda batean jatorrizko liburua merke saltzen zutela ikusi nuenean ez nuen zalantzarik egin eta erosi nuen. 59. orrialdean agertzen da Goiazko "NP 368" plakaren erreferentzia, sarearen 16. lerroan Azpeititik Tolosara bidean zihoazela jarri zuten bertan.

 

1925ean argitaratutako "Catálogo de las altitudes
de las señales metálicas de la red
" liburuaren azala
Goiazko NP 368 plakaren erreferentzia liburuko 59. orrian.

 

Goiazko NP 368 plakari buruz informazio hau dakar:

  • Alacant-etik abiatu zirenetik 973,570 km-an zehar egin zituzten neurketak Goiatzera iritsi arte.
  • Goiatz Alacant-eko itsas mailarekiko 521,559 metroko altueran zegoela kalkulatu zuten.
  • Plakaren kokapenari buruz hau jartzen du: "Goyaz. Iglesia parroquial: junto a la pila del agua bendita." (Euskaraz: Goiatz. Parrokia eliza: ur bedeinkatuaren ontziaren ondoan.)

Beraz, argi geratzen da plaka horrek ez duela zerikusirik Gipuzkoako erdigune geografikoarekin, baina badu bere historia.

 

 

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.


facebook
0
twitter
iametza interaktiboa

Zirkuitu ibilbidea 2 - 1. pabiloia
Lasarte-Oria (Gipuzkoa)

T (+34) 943 376 716
F (+34) 943 372 772

kaixo@iametza.eus

Euskarabildua Puntu eus
iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa
©2015 iametza interaktiboa