Iametzako emakumeok martxoaren 8ko greba feministaren deialdiarekin bat egingo dugu

2018/03/06 · Elisabeth Pombo

Pasa den ostiralean egindako talde bileran erabaki genuen Iametzako emakumeok martxoaren 8ko 'Emakumeok planto' greba feminista deialdiarekin bat egingo genuela.

Hala, bulegoan gizonezkoak geratzen diren bitartean, Iametzako emakumeok bat egingo dugu 11:00etatik 15:00etara bitartean deituta dagoen lanuztearekin. Egun horretan Iametzako emakumeon agendetan ez dugu bilerarik, ezta bezeroekin bestelako konpromisorik eta bulegoko telefonoa enpresako gizonezkoek hartuko dute.

Berdintasun irizpideak kontuan izanik, gaur egun Iametzako datuak hauek dira:

  • Orotara 13 lagunek osatzen dugu Iametza. Horietatik 6 emakumeak gara. Une honetan amatasun bajan dago emakume horietako bat.
  • Bost garatzaileetatik bakarra da emakumezkoa.
  • Gainontzeko emakumeok komunikazio, marketin edo eta administrazio eremuak betetzen ditugu batik bat.
  • Enpresako kudeatzailea emakumea da.
  • Familiaren zaintza arrazoiengatik hiru pertsona daude murrizketarekin, horietako bi gizonezkoak.

Iametzan ez da zaila honelako geldialdi batekin bat egitea, oso barneratua daukagu berdintasunaren garrantzia. Baina lan eremuan aplikatzea erraza egiten zaigun arren, ez da hain samurra norberaren bizitza pribatuan aplikatzea, bikoteen baldintzak ez direlako berdinak, oraindik kulturalki zaintzaren pisu handiena emakumeon esku geratzen delako eta abar.

Hain zuzen ere, aurtengo martxoaren 8a horrexegatik da desberdina, lan eremutik haratago joan nahi duelako, gaur egun emakumeak geratuz gero, horrek bizitzako hainbat esparrutan (lana, familia, etxea...) duen eragina ikusgarri bihurtu nahi duelako. Zentzu horretan, Iametzako emakumeok egun horretan ahal duguna egingo dugu norberak bere familian, etxean... geldialdi hau ikusgarriago izan dadin. Lan ordutan, Iametzako gizonezkoek hartuko dute enpresaren egunerokotasunaren pisua eta emakumeok besteak beste, Donostiako boulevard-ean 12:30ean deituta dagoen kontzentraziora joango gara.


facebook
0
twitter
iametza interaktiboa

Zirkuitu ibilbidea 2 - 1. pabiloia
Lasarte-Oria (Gipuzkoa)

T (+34) 943 376 716
F (+34) 943 372 772

kaixo@iametza.eus

Euskarabildua Puntu eus
iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa
©2015 iametza interaktiboa