Nola bistaratu git-eko uneko adarra terminaleko gonbitean

2016/02/29 · Asier Iturralde

Azken urteotan git bertsio-kontroleko sistema banatua ezinbesteko lan-tresna bihurtu da niretzat. Git-ekin lan egitean ohikoa da ezaugarri berriak garatzeko edo esperimentuak egiteko adarrak (branch) erabiltzea eta txoriek bezala adar batetik bestera hegan egitea.

Ez dakit zuei ere berdin gertatzen zaizuen baina nik askotan ez dut jakiten gordailuko (repository) zein adarretan nagoen. master adarrean nago? Ezaugarri berriaren adarrean?

git status edo git branch exekutatzea nahikoa da zalantza argitzeko, baina duela gutxi ikasi dudan trikimailutxo honi esker terminaleko bash gonbitean bistaratuko dugu uneko adarra, zalantzak betirako uxatuz.

 

Jarraitu beharreko pausoak

 

  1. Script hau zure ordenagailuan gorde, adibidez, ~/.git-prompt.sh bezala.

  2. Ireki ~/.bashrc fitxategia eta gehitu ondorengo lerroak amaieran:

    # Lanean ari garen git-eko biltegiaren uneko adarra terminaleko gonbitean bistaratzeko
    # https://raw.githubusercontent.com/git/git/master/contrib/completion/git-prompt.sh
    source ~/.git-prompt.sh
    PS1='\[\033[01;32m\]\u@\h\[\033[01;34m\] \w\[\033[01;32m\]$(__git_ps1 " (%s)") \[\033[01;34m\]\$\[\033[00m\] '


  3. Aldaketek eragina izan dezaten exekutatu komando hau:

    source ~/.bashrc


.bashrc fitxategira gehitutako lerroen azalpena

 

# karakterearekin hasten diren bi lerroak iruzkinak dira.


source ~/.git-prompt.sh

.git-prompt.sh script-a gure shell saioan kargatzen du, bertako __git_ps1 funtzioa erabilgarri egon dadin.


PS1='\[\033[01;32m\]\u@\h\[\033[01;34m\] \w\[\033[01;32m\]$(__git_ps1 " (%s)") \[\033[01;34m\]\$\[\033[00m\] '

Lerro honek konplexua dirudi baina zati bakoitzaren esanahia jakinda nahiko erraz uler daiteke:

\[\033[01;32m\]             honen ondoren doanak kolore berdea izango du

\[\033[01;33m\]             honen ondoren doanak kolore horia izango du

\[\033[01;34m\]             honen ondoren doanak kolore urdina izango du

\[\033[00m\]                  honen ondoren doanak ez du kolorerik izango

\u                                  erabiltzaile-izena

\h                                  ostalari-izena

\w                                  uneko bidea

$(__git_ps1 " (%s)")         uneko git gordailuaren adarra itzultzen duen funtzioa

 

Ubuntu eta Linux Mint-eko kolore konbinazio lehenetsia mantentzen saiatu naiz, baina nahi izanez gero erraza da beste kolore batzuek erabiltzea eta bistaratutako informazioa aldatzea. Zure Bash gonbita pertsonalizatzeko asmoa baduzu Arch Linux banaketaren wikia informazio iturri interesgarria da:

https://wiki.archlinux.org/index.php/Color_Bash_Prompt

 

Emaitza

git gordailu bat duen karpeta batera joaten bazara komando lerroko gonbitean uneko adarra agertzen dela ikusiko duzu. Erabilgarria, ezta?

 

Gainerako karpeta arruntetan ez du eraginik eta beti bezala ikusiko da komando lerroko gonbita.

 

Uneko adarraren izenaz gain gordailuaren beste hainbat ezaugarri bistaratzeko aukera ematen du git-prompt.sh-ek eta ZSH shell-ean ere erabil daiteke. Interesa duenak script-aren hasierako iruzkinetan aurkituko du informazio gehiago.

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.


facebook
0
twitter
iametza interaktiboa

Zirkuitu ibilbidea 2 - 1. pabiloia
Lasarte-Oria (Gipuzkoa)

T (+34) 943 376 716
F (+34) 943 372 772

kaixo@iametza.eus

Euskarabildua Puntu eus
iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa iametza interaktiboa
©2015 iametza interaktiboa