Garai berrietan, udal plenoak telematikoki egin eta streaming bidez emititzeko laguntza zerbitzua eskaintzen ari gara

Covid-19ak eragindako alarma egoerak bizitzako arlo guztietako jardunean aldaketak eragin ditu, baita udaletan ere. Garai zailak eta ezberdinak dira guztiontzat, baina egoera berrira moldatu beharra dago eta horretan ari da Errenteriako Udala. Nahiz eta lan egiteko modua aldatu, udal gestioaren gardentasunari garrantzia handia ematen jarraitzen dute eta horregatik osoko bilkurak herritar guztiek jarraitzeko moduan egin nahi dituzte. Gainera, udalera bertaratu ezin duten zinegotzien parte hartzea ere bermatua dago modu honetan. Horrenbestez, egoera ezohiko honen aurrean bilerak telematikoki egin ahal izateko eta horiek gizarteari streaming bidez helarazteko irtenbidea landu dugu Iametzan, Errenteriako Udalarekin elkarlanean.

Bileraren grabaketa eta emisioa Jitsi bidez egingo da eta ondoren, Errenteriako Udalaren webgunearen bidez herritarrek zuzenean jarraitu ahal izango dute. Gainera, herritarrek bilkura arazorik gabe segitu ahal izateko, plenoan lantzen ari diren gaia zein den adieraziko da bideoan.

Modu birtualean egingo den lehenengo bilkura datorren maiatzaren 26an izango da. ‘Aurretik maiatzaren 18tik 20ra bitarteko lau batzorde ere jitsi bidez egingo dira baina hauek ez dira osoko bilkura moduan zuzenean emitituko’ azaldu du Julen Irazoki Iametzako kideak. Gainera, udaleko inork proposamen berriarekin arazorik izan ez dezan, zinegotzi, idazkari zein udaleko teknikari guztiei arreta pertsonalizatua eskaintzen ari gara etxetik aritzeko behar dutena martxan jartzen laguntzeko.

Iametzan egoera berri honetan teknologiak duen garrantziaz jabetuta elkarte eta udal ezberdinekin lanean ari gara herritarrek behar dutena eskuragarri izan dezaten, baina ez da erreza, burua martxan daukagu etengabe eta garapenak egiteko tarte txikia.

Interpretazio zerbitzuaren inplementazioa ere jomugan 

Nahiz eta Errenteriako bilera telematikoetan ez dugun interpretazio zerbitzuarekin aparteko lanketarik egingo, helburua Jitsi bidezko bigarren areto baten bidez, zerbitzu hau ere telematikoki eskaintzea da. Horretarako ere udalei laguntza eta aholkularitza eskaintzen ari gara.

Bestalde, Iametzan interesatuak gaude hizkuntza teknologien edozein inplementazio eta garapenetan eta ondorioz gertutik jarraitzen ditugu Elhuyar edo Vicomtech bezalako zentro teknologikoen partetik arlo honetan lortzen dituzten aurrerapausuak, bai transkripzio zein itzulpen teknologiei dagokionez. Ulertzen dugu hizkuntza teknologiak aplikatuz, euskaraz ere informazioa eman eta jasotzeko baldintzak lor daitezkeela.

 

 

 

Aurreko bidalketa
Tokiko merkataritza sustatzeko bonuak on-line erosteko plataforma garatzen ari gara
Hurrengo bidalketa
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Berrabiarazi ekimenean parte hartu dugu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bete eremu hau
Bete eremu hau
Idatzi e-posta helbide egoki bat.
You need to agree with the terms to proceed

Menua