Hizkuntzaren industria: Google-ekin indarrak batzea estrategia ote?

Teknologikoki egitasmo ugari jarri dira martxan Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere, komertzialki ordea, oso gutxi hustiatu edo saldu dira. Uste dut sarritan egitasmoak behar errealetatik baino, ideia handietatik etortzen direla eta hankak errealitatean jartzea falta dela. Agian horrexegatik egitasmo horietako asko hortxe geratu dira, laborategian. Horrekin ez gara mesede egiten ari gure buruari. Nola konbentzituko ditugu administrazioak hizkuntz industriaren garrantziaz hainbat sorkuntza praktikara eraman ezinik bagaude? Nola? Guk ikusten ditugun abantailak ikustarazteko, azaltzeko eta konbentzitzeko gai ez bagara?

Ildo beretik doa Europaren jarrera ere, Horizon2020 programaren baitan, 2017. urtera arte behintzat hizkuntzen industriari lotutako I+G egitasmoak finantzatu baino, teknologia hori hainbat eremutan aplikatzea bilatzen da: osasun arloan, energian, makina-erreminta alorrean…

Benetan zaila horixe! Ez nago helburuen aurka, inola ere, baizik eta kezka sortzen dit horretara bideratutako testuinguruak falta zaizkigulako, enpresa txiki mailan behintzat bai. Berez, saltzaile txarrak bagara, esango didazue ezagutzen ez dugun sektore baten beharrekin uztartu behar badugu gure izaera! Are gehiago kulturaren eta informazioaren sektore batean ohituak gaudenontzat, parean aurkezten zaiguna Industria deitzen den mutil harro eta sendoa denean, guztiek berari begiratzera ohitua dagoen “guaperas” hori. Lehendabizi elkar ezagutzen hasi beharko dugu, ligatzen hasten garenean bezala, pixkat gehiago ezagutzean proposamen zehatzagoetara pasatzeko eta hasieratik ezezko borobila jasotzea saihesteko. 

Sektore bezala erronka handia dugu aurrean bai, baina Administrazioek ere elkarbizitza horretarako guneak eta ekimenak erraztu beharko lituzkete eta ez bakarrik hori. Administrazioek ulertu beharko lukete “guaperas”-az gain, horrek bezain ongi sare ekonomikoaren gainean dantzan dakigun asko gaudela, hizketaldi animatuak eta dantzaldiari erritmo berriak emateko gai garenak, agian formula matematiko hotzetan baino, letren munduan nabigatzera ohituagoak gaudelako garela freskoagoak eta ondorioz balio anitzekoak.

Hala ere, kalera irten eta ligatzen hasi aurretik oinarrizko galdera bati erantzuna topatu nahiko nioke: Ez ote gara ari estrategian erratzen? Hutsetik hainbeste ikerkuntza eta garapen egiten ibili baino ez ote da eraginkorragoa handiekin indarrak batzea? Esaterako, Google-ek hainbat teknologia jarrita du gizartearen zerbitzura, azpititulatzeko, itzultzeko, bilatzeko… Ez ote da eraginkorragoa euskara Google-en motor teknologikoetan txertatzea?

Agian orduan bai gure eginak komertzialki ekinak lirateke.

Aurreko bidalketa
Sarean da Iametzak GHK-rentzat landu duen webgune berria
Hurrengo bidalketa
Iametza berritua, izaera indartua
Menua