Kuxkuxeroak: erreferentzialtasunaren bidez gazteen euskararen kale erabileran eragin nahian

Gaur egun Euskal Herriko herri gehienetan kezka nabarmena dago, haur eta gazteen kale erabilerarekin. D ereduko matrikulazio datuak inoiz baino hobeagoak diren errealitate batean, eskoletako hormetatik kanpora haur eta gazteek egiten duten euskararen erabilera jaisten ari dela erakusten digute emaitza soziolinguistiko desberdinek. Alegia, gazteek euren arteko harremanetan gero eta ohitura handiagoarekin jotzen dute gaztelerara.

Esan dugun moduan kezka orokorra da eta euskara teknikariak egunero galdera berdinei erantzuna topatu nahian dabiltza:

  • Zergatik jotzen dute haur eta gazteek gaztelerara?
  • Nola egin erakargarri euskara beraientzat?
  • Nola eragin instituzioetatik?
  • Zer nolako ekintzen, sentsibilizazio eta komunikazioaren bidez?

Kuxkuxeroak egitasmoak hor eragin nahi du, erreferentzialtasuna landuz, gazteentzat (bereziki 12-16 urte artekoak) eredu izan daitezkeen pertsonekin galdera librean arituz, naturaltasunez, euskaraz.

Hedabidetan agertzen diren pertsonaiak (aktoreak, musikariak, kirolariak) gazteentzat jainko txikiak izanik, euren portaerak kopiatzeko ohitura izan ohi dute. Pertsonaia horiekiko hizkuntzaren erreferentzia euskara izatea, gazteen artean euskararen erabilerari laguntzeko egin daitekeen ekarpenetako bat da. Azken finean, euskarak erreferentzialtasuna behar du, bitarteko eta planteamendu desberdinekin. Kuxkuxeroak egitasmoak bitarteko eta planteamendu horietako bat izan nahi du.

Funtzionamendua

  • Aldez aurretik iragarritako egun eta ordu jakinean 12-16 urte arteko gazteentzat erreferente diren pertsonaietako bat edo batzuekin hizketaldi edo solasaldi saio bat lotzen da, ordu bat edo gehienez ere ordu eta erdikoa. Pertsonaia horiek izango dira Kuxkuxeroak egitasmoko gonbidatuak.
  • Saio hori dagokion udalerri eta/edo eskualdean iragartzen da.
  • Nahiz eta sustapena eta deialdia egiteko eskolak ere erabili, saioak eskola ordutegitik kanpora egingo dira (astean zehar edo asteburuan, larunbatean adibidez).
  • Gazteek aldez aurretik www.kuxkuxeroak.eus webgunearen bidez pertsonaia horri edo horiei egin nahi dizkieten galderak bidaltzeko aukera izango dute.
  • Solasaldia areto estali batean egingo da, beharrezko azpiegiturez hornitua, proiektorea, aulkiak, sareko konexioa…
  • Saioan moderatzaile/dinamizatzaile bat egongo da.
  • Saioan bertan gazteek aldez aurretik bidalitako galderak irakurriko dira eta bertaratutako gonbidatuek horiei erantzungo diete. Momentuan ere gazteek galderak egiteko aukera izango dute.
  • Gonbidatuen esku egongo da material desberdina erakustea edo ez (argazkiak, bideoak…)
  • Gonbidatuek gazteekin batera ekintzaren bat burutuz amaituko dute saioa (ekintza hau saio bakoitzaren arabera desberdina izango da).
  • Saioaren amaieran gazteek gonbidatuen sinadurak lortzeko eta eurekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Horretarako bertaratutakoei tarjetoi batzuk banatuko zaizkie.
  • Urte osoan zehar luzatu daitekeen programa bat izateko pentsatua dago, hileroko maiztasunarekin (edo udalerri bakoitzaren beharren arabera).

Egitasmo honi buruzko informazio gehiago www.kuxkuxeroak.eus webgunean aurkituko duzue.

Aurreko bidalketa
Blogetan.eus berria: Euskal blogarientzako eta irakurleentzako topalekua
Hurrengo bidalketa
Euskaltzaindiaren izenen zerrendetan badira izen mistoak
Menua