Lortuko ote dugu euskal ikurren emoji-ak plataforma ezagunenetan erabilgarri egotea?

 

Change.org plataforman sinadura bilketa Whatsapp-en ikurrinaren emojia gehitzeko eskatzeko

Azken hilabeteetan Change.org plataforman ia 25.000 sinadura bildu dira Whatsapp-ek ikurrina gehitzeko eskatzeko. Ez naiz Change.org plataformaren batere zalea baina sinadurak kopuruak garbi uzten du ikurrinaren emojia erabiltzeko aukerak euskaldunen artean interesa sortzen duela.

Whatsapp-ko ordezkari batek berehala inplementatuko ez duten arren iradokizuna aintzat hartzen zutela adierazi zuen:

 

Emoji 5.0ri esker ikurrina eta Nafarroako bandera baliozko emoji bihurtu ziren

Isilean pasa bazen ere, aurtengo maiatzean Unicode Kontsortzioak Emoji 5.0 estandarra argitaratzearen ondorioz ikurrina eta Nafarroako bandera baliozko emoji bihurtu ziren.

Emoji 4.0 eta zaharragoetan estatuen eta haien “menpeko lurralde berezien” (Faroe Uharteak, Groenlandia, Saint-Pierre eta Mikelune…) banderen emojiak soilik ziren baliozkoak (ISO 3166-1 estandarrean zehaztuak). Bitxikeria bezala aipatu beharra dago Kanaria Uharteak multzo honetan daudela eta horri esker badutela beren banderaren emojia Whatsapp, Telegram, Facebook, Twitter eta abarretan.

 

Kanaria Uharteetako bandera – Iturburua: Wikipedia (Domeinu publikoa)

 

Baina Emoji 5.0k estatuen azpi-mailen banderei atea ireki zien (ISO 3166-2an zehaztuak). Maila honetan daude, adibidez, ikurrina, Nafarroako bandera, Kataluniako senyera (autonomikoa, ez estelada), Espainiako autonomi erkidegoen banderak, AEBetako estatuen banderak (Kalifornia, Texas…),  Eskozia, Ingalaterra eta Galesekoak, Bretainiakoa, Korsikakoa eta abar. Honek estandarrera 3.681 bandera berri gehitzea suposatu zuen. Argi dago plataforma ezagunenenek ez dutela bandera horiek guztiak erabiltzeko aukerarik emango.

Momentuz multzo horretatik Eskozia, Ingalaterra eta Galeseko banderak soilik erabil daitezke aplikazio ezagunenetan eta RGI (Recommended for General Interchange) azpi-multzoa osatzen dute. Euskarri zabala izateko aukera handia duten emojiak RGI bezala izendatzen ditu Unicode Kontsortzioak.

 
Ingalaterra, Eskozia eta Galesezko banderen emojiak. Iturria: Emojipedia

 

Ikurrinaren emojia RGI bihurtzeko eskaera

Azken egunetan Unicode Kontsortzioaren Emoji ad hoc taldeak Emoji 6.0 estandarrean Katalunia, Bretainia, Ipar Irlanda, AEBetako estatuen banderak eta ikurrinaren emojia RGI (Recommended for General Interchange) izendatzeko eskaera aztertu du.

Tamalez bandera horiek RGI bezala ez izendatzea gomendatu dio UTCri (Unicode Technical Committee). Horretarako emandako arrazoia bandera horiek hornitzaileen (Whatsapp, Telegram, Facebook, Twitter…) euskarririk ez izatea da.

Bandera pirata aldiz baliozko ZWJ sekuentzia izendatzea gomendatu dute, Twitter-ek erabiltzeko aukera ematen duelako. ZWJ (Zero Width Joiner) #datraolat karakterearen (a.k.a. ZWSP, Zero Width Space) ahaide hurbila da, beste egunen batean idatziko dut horri buruz…

 

 

Eta orain zer?

Hori ikusita, nire ustez, ikurrina edo Nafarroako banderaren emojiek euskarri zabala edukitzea nahi badugu bi bide ditugu, lehena nazioartean onarturiko estatu bihurtzea da, horrela ISO 3166-1 multzoan sartuko ginateke eta akabo arazoa.

Hori momentuz posible ez bada, beste aukera plataforma ezagun bati emoji horien euskarria gehitzeko eskatzea da. Whatsapp-ek momentuz ez duela ikurrina gehitzeko asmorik esan zuen baina beste plataformekin saia gaitezke (Twitter, Facebook, Telegram…). Horietako batek gure ikurretakoren bat gehitzea lortuz gero (aukera gehienak ikurrinak ditu) Unicode Kontsortzioak RGI bezala izendatzeko atea irekiko liguke eta hori lortuta gainerako plataformek ere euskarria emango liokete emojiari.

Ez dakit gure ikurrak emoji bezala erabiltzeko aukera izango dugun eguna iritsiko den baina bien bitartean hor daukagu Saint-Pierre eta Mikeluneko banderaren emojia 😉

 
Saint Pierre eta Mikeluneko bandera – Iturburua: Wikipedia (Domeinu publikoa)

 

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

Aurreko bidalketa
Euskarabildua 2017: Teknologia aurreratuak, komunikazioa, euskara eta emakumeen ikusgarritasuna
Hurrengo bidalketa
Blogetan.eus berria: Euskal blogarientzako eta irakurleentzako topalekua