Ondarru vs Lekitto

Lekittarren eta Ondarrutarren arteko harremana berezia izan da nik neuk ezagutza daukadanetik behintzat. Kostaldeko bi herri beretsu izan arren, bertakoen arteko ezberdintasunak begi bistakoak dira. Baina kontu hau ez da berria, izan ere 500 urte atzera egin behar dugu Ondarroa eta Lekeitioren arteko auskak ulertzeko.

Ondarroako Historiak Zaleak elkarteko Fernando Agirrek 2006ko urtekarian jaso zituen gatazka hau hobeto ulertzeko hainbat pasadizo. Gezurra badirudi ere, egurraren kudeaketa eta baleen arrantza dira Agirrek gogoratzen dituen istorio zaharrenetako batzuk.

Gaur egun oraindik askok ere etxean behin baino sarriago entzunda izango dute 1926.urtean Kontxako estropadan gertatutakoa. Lekeitioko alkateak berak ere estropadan gertatutakoa baretzeko gutuna idatzi behar izan zuen. Urte hartan, asko eta asko izan ziren Ondarroak Kontxako bandera eskuratzeagatik egindako manifestazio eta borrokak; Lekeitioko emakume arrain saltzaileek ere irainak jasan behar izan zituzten.

Lekeition ere hainbat abesti herrikoiek gogora ekartzen digute Ondarroa eta ondarrutarrei dioten mespretxua, abesti labur hau horren adibide:

Ondarruk fama asko
eta diru gutxi
Ondarruko zubia usteldu ta jausi

Lekittok fama gutxi
eta diru asko
Lekittoko Torria tente-tente dago

Baina kontu zaharrak laga ditzagun albo batera. Goazen gaur egun bi herri hauen artean dagoen “maitasuna” hizpide hartzera. Azter ditzagun Zapato Azuleko bideokliparen amaierako atalean Lekeitiori zeharka egindako aipamena edota Ondarruko Vasca bideo ezagunean ere gaia lantzeko modua. Orain irain eta iseka seriorik ez dago eta gaia umore punttu batekin daramagula esan genezake ezta?

Umorea eta alaitasuna bat baina badaezpadan be ez ekarri Ondarrutarrik etxera! esaten dit aitak parrandan ateratzen naizen aldiro.

Nik urteetako gatazka honi konponbide bilatu nahian ezberdintasunak plazaratu beharrean, berdintasunak jarriko ditut mahai gainean. Izan ere, Ondarrun Lekeition moduan olgetan egiten dugu eta korrika ordez, arin-aringa egitea gogoko dugu. Ume potozorrixari didar egiten diegu bai baten eta baita bestean ere, eta guztioi gustatzen zaigu noiz edo noiz zantarkeriatan ibiltzea. Lekeitio eta Ondarruko herritarrok, gangarrak gara, eta bauan-bauan eta txibitxan egoten be badakigu, beste batzuk ez daude ganbaratik ondo, baina gehienoi antxoak pla-pla jatea gustatzen zaigu; bi herrietan ere ez gara ez makalak!

Berdintasun eta ezberdintasun hauek aurkitu ditut hain zuzen be Ondarroan garatu berri dugun Ahuakemonala aplikazioan. Bertan herriko esamolde bereziak jaso ditu Ondarroako Udalak eta Whatsapp-era, Facebook-era, Twitterrera edota emailera bidaltzeko moduan jarri ditugu gainera. Nik neuk lan hau egin ostean ere, gehiago arakatu eta olgetan jarraituko dut, interesgarria delako norbere herriko hizkera eta esaerak zainddu eta geuk ere erabiltzea!

Aurreko bidalketa
#datraolatekin traolak eta erabiltzaile-izenak naturalago
Hurrengo bidalketa
Web aplikazioak aplikazio natiboen mailan jartzeko bidean