AKTA GARDENA: Gobernantza eredu berrien bila, teknologia lagun

AKTA GARDENA: Gobernantza eredu berrien bila, teknologia lagun

Akta Gardenaren bidez, instituzio batek egiten duen edozein batzarren testigantza multimediek (audioek zein bideoek) balio legala izan dezatela lortu nahi da, eta modu horretan, instituzioen jarduna herritarrentzat ahalik eta gardenena izatea.

Zentzu honetan gero eta gehiago dira esaterako, udalbatzarrak bideoz edo audioz grabatzen dituzten udalak, ondoren edo zuzenean webgune baten bidez horiek herritarren eskura jartzeko.

Baina hori egite hutsak ez du idazkariaren lan neketsua saihesten. Hau da, legez idazkaria behartuta dago batzarraren ahalik eta transkribapen zintzoena egitera.

Akta Gardenaren bidez alde batetik idazkariari bere lan burokratikoa erraztu nahi zaio eta bestetik, hiritarrari udalbatzarreko informazioa ahalik eta modurik errazenean eskuragarri jartzea da helburua. Sistemaren funtzionamendua honakoa da:

  • Batzar aretoan dagoen edozein ordenagailutan mahai gaineko aplikazioa instalatu. Esan, Linux, Windows zein Mac OS sistema eragileen gainean funtzionatu dezakeela sistemak.
  • Idazkariak batzarraren aurretik bileraren datuak sartu, osatu edo konfiguratu beharko ditu: gai-ordena, parte-hartzaileak eta batzarraren bestelako datuak (data, mota eta deskribapena).
  • Bileran parte-hartzaile bakoitzaren parte-hartzeak markatu beharko ditu klik baten bidez.
  • Batzarra amaitutakoan, idazkariak audio edo bideo fitxategia errebisatu eta erabakien akta bat osatuko du.
  • Sistemak sortzen dituen fitxategiak eta erabakien akta digitalki sinatuko ditu eta horretarako prestatutako webgunean zintzilikatzeko prest geratuko da materiala. Modu honetara, herritarrek adibidez, gai zehatz batean, zinegotzi zehatz batek egindako ekarpenak ikusi edota entzun ahal izango dituzte.

Hasieran IZFE Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearen (http://www.izfe.eus) enkarguz, mahai-gaineko sistema bat osatu genuen, baina gure helburua Akta Gardenaren bertsio aurreratuagoa lortzea da eta horretan ari gara lanean, Vicomtech (https://www.vicomtech.org) ikerketa zentruarekin eta Telesonic (http://www.telesonic.es) enpresarekin batera. Bertsio aurreratu horretan sistema guztiz digital baterako urratsak ematen ari gara, mikrofonoetako ahots seinalea automatikoki jaso ahal izateko.

Sistema berriak hiru zati izango ditu:

  • Mahai gainekoa, seinale multimediaren grabazioa egiteko
  • Web aplikazioa, ondorengo kudeaketa administratibo guztia egiteko.
  • Alde publikoa, herritarrek informazio guztia bilatu eta kontsultatu ahal izateko.

Era berean, hizkuntza teknologiek eskaintzen dituzten abantailak aprobetxatu nahi ditugu, transkribapen zein azpititulazio automatikoko teknologia edo audio gaineko bilaketa adimendunak txertatuz. Ez dugu ahaztu behar hizkuntza desberdinen bizikidetza ematen dela kasu askotan (euskara eta gaztelania esaterako) eta sistema honek ere errealitate horri erantzun behar diola.

Proiektuaren xehetasunak

  • Bezeroa: Izfe
  • Data: 2018
Menua