Kuxkuxeroak

Gazteen artean euskara sustatzeko egitasmoa

D ereduko matrikulazio datuak inoiz baino hobeagoak diren errealitate batean, eskoletako hormetatik kanpora haur eta gazteek egiten duten euskararen erabilera jaisten ari dela erakusten digute emaitza soziolinguistiko desberdinek. Alegia, gazteek euren arteko harremanetan gero eta ohitura handiagoarekin jotzen dute gaztelerara. Gai hau Euskal Herriko eragile eta instituzioek kezkaz bizi dute.

Kuxkuxeroak egitasmoak egoera hori irailu nahi du eta horretarako honakoa proposatzen du:

-Gazteak beraien erreferente diren aktore, musikari, kirolari… parez-pare solasean jarri.

-Erreferentzialtasuna landuz, gazteentzat eredu izan daitezkeen pertsonekin galdera librean arituz, naturaltasunez, euskaraz.

Funtzionamendua

  • Aldez aurretik iragarritako egun eta ordu jakinean 12-16 urte arteko gazteentzat erreferente diren pertsonaietako bat edo batzuekin hizketaldi edo solasaldi saio bat lotzen da, ordu bat edo gehienez ere ordu eta erdikoa. Pertsonaia horiek izango dira Kuxkuxeroak egitasmoko gonbidatuak.
  • Saio hori dagokion udalerri eta/edo eskualdean iragartzen da.
  • Nahiz eta sustapena eta deialdia egiteko eskolak ere erabili, saioak eskola ordutegitik kanpora egingo dira (astean zehar edo asteburuan, larunbatean adibidez).
  • Gazteek aldez aurretik Kuxkuxeroak webgunearen bidez pertsonaia horri edo horiei egin nahi dizkieten galderak bidaltzeko aukera izango dute.
  • Solasaldia areto estali batean egingo da, beharrezko azpiegiturez hornitua, proiektorea, aulkiak, sareko konexioa…
  • Saioan moderatzaile/dinamizatzaile bat egongo da.
  • Saioan bertan gazteek aldez aurretik bidalitako galderak irakurriko dira eta bertaratutako gonbidatuek horiei erantzungo diete. Momentuan ere gazteek galderak egiteko aukera izango dute.
  • Gonbidatuen esku egongo da material desberdina erakustea edo ez (argazkiak, bideoak…)
  • Gonbidatuek gazteekin batera ekintzaren bat burutuz amaituko dute saioa (ekintza hau saio bakoitzaren arabera desberdina izango da).
  • Saioaren amaieran gazteek gonbidatuen sinadurak lortzeko eta eurekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Horretarako bertaratutakoei tarjetoi batzuk banatuko zaizkie.
  • Urte osoan zehar luzatu daitekeen programa bat izateko pentsatua dago, hileroko maiztasunarekin (edo udalerri bakoitzaren beharren arabera).

Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdetan jarri dugu aipatu proiektua martxan, besteak beste:

Gernika-Lumo, Oarsoaldea, Iruñea…

Proiektuaren xehetasunak

  • Lankidetza: Gernika-Lumoko Udala
  • Data: 2017tik aurrera
  • Webgunea: Kuxkuxeroak
Menua