Twitter euskaraz darabilten erabiltzaileak zenbatzeko sistema garatu dugu

Euskarazko Twitter estreinatzen den egun berean, euskarazko aplikazioa zenbat jendek erabiltzen duen kalkulatzeko sistema publiko egin dugu, www.twittereuskaraz.com webgunean.

Helbide horretan euskarazko Twitter erabiltzaileen kopurua erakusten duen grafikoa aurkituko duzue, baita bertatik zuzenean norberaren Twitter profila euskaratzeko aukera ere.

Ideia Kataluniako Data’n’press (http://datanpress.com/) enpresak eman zigun. Haiek katalanezko Twitter abiatu zenean antzerako ekimen bat jarri zuten martxan: http://twitterencatala.org

Oso denbora gutxian garatutako aplikazioa da hau, ahalik eta fidagarritasun handienarekin zenbaketa emateko helburuz sortua. Zenbaketa honek kasurik gehienak hartzen ditu kontuan, baina kanpoan geratuko lirateke nahiz eta euskarazko profila izan, idazten ez dutenak edo euskaraz mezurik idazten ez dutenak.

Nola funtzionatzen du sistemak? Twitterren dauden euskarazko mezuak arakatzen ditu, Ametzagaiña (www.ametza.com) taldeak gure esku utzitako euskarazko hiztegi baten laguntzarekin. Ondoren mezu horiek euren erabiltzaileekin parekatzen dira eta erabiltzaile horien profiletatik euskaraz daudenak zenbatzen dira.

Garapen hau ez da itxia eta beraz, norbaitek berau hobetzeko aukera ikusten badu, horretarako gonbitea luzatzen diogu, gurekin harremanetan jarri besterik ez du. Gure aldetik euskarazko txioak idaztera animatzen zaituztegu eta garapen lan honen atzetik dauden izenak aipatuz amaituko dugu:

– Julen Irazoki (@juzzsuicide)
– Cristina Odriozola (@crisodri)
– Iker Olkoz (@iolkoz)
– Maitane Vierbucher (@mvierbucher)
– Eli Pombo (@epombo)

Aurreko bidalketa
Programatzaile lanpostua eskaintzen da
Hurrengo bidalketa
Elgg eta Pmapper software libreak euskarara lokalizatu ditugu