Hemen da Mastodon.eus

Zer da Mastodon.eus?

Mastodon mikroblogintza sare sozial bat da baina ez da ohikoa. Mastodon ikuspuntu humanoago batetik sortu da, beste sareen akatsetatik ikasiz. Mastodonen pertsona bat zara, ez produktu bat. Ez dago ordaindutako iragarkirik eta zure datuekin ez da meatzaritzarik egiten. Sare sozial zabalduenak zentralizatuak eta jabedunak dira: Facebook, Instagram, Twitter… Mastodon aldiz deszentralizatua eta librea da. Ez dago zentralizatutako Mastodon bakarra, elkarren artean federatutako, hau da, konektatutako, milaka Mastodon instantzia edo komunitate baizik. Horietako bat da euskal komunitatearentzat sortu dugun mastodon.eus.

kaixo.mastodon.eus webgunean aurkituko duzu kontu bat sortu, pertsonalizatu eta lehen toot-a idazteko jakin beharreko guztia, baita ohiko galderen erantzunak ere. Animatu eta zatoz fedibertsora!

Nola sortu da mastodon.eus?

Mastodon.eus (Creative Commons BY-SA 4.0)

Hau guztia nola hasi zen kontatuko dugu labur-labur, Iametzan bizi izan genuenean oinarrituta.

Aurtengo urte hasieran gure lan-taldeko kide den Asier Iturralderen bidez ezagutu genuen sare sozial federatu honen berri. Asier da Argia.euseko lanetaz arduratzen dena eta Argiarekin hitz egin ondoren mastodon.social instantzian Argiaren kontua zabaldu zuen. Argiaren barrenak blogeko “Mastodon sare sozial deszentralizatuan ere jarrai dezakezu ARGIA hemendik aurrera” artikuluan eman zuten albistearen berri. Iametzak ere ere zabaldu zuen kontu bat, noski. Asierrek “Mastodon sare sozial libre eta deszentralizatua: nola argitaratu edukiak RSStik software librea erabiliz” artikulua idatzi zuen gure blogean xehetasun teknikoak azaltzeko.

Ordurako bolo-bolo zebilen euskal instantzia bat sortzeko ideia eta hortik abiatuta gure artean komentatzen hasi ginen interesgarria izango litzatekeela horretan saiatzea, baina era berean garbi geneukan hori enpresa batek edo eragile bakar batek ezin zuela sortu. Nora jo pentsatzen jarrita, bururatu zitzaigun PuntuEUS Fundazioarekin hitz egitea. Apirilaren 4an idatzi nion Josu Waliñori gure gogoetaren berri emanez eta Mastodon aurkeztuz. Hortik abiatuta, Josuk beste hainbat erakunde eta eragilerekin hitz egin zuen, Azkue Fundazioarekin, Laborategia 2.0rekin, Talaios Kooperatibarekin eta Dinahostingekin. Azken horrek mastodon.eus ostatatu ahal izateko zerbitzaria eskaini zigun adibidez. Esan beharra dugu guk izan genituen harreman hauekin batera, Azkue Fundazioa ere ari zela epe berdinean gai honi buruz hitz egiten Osoitz Elkorobarrutia ekintzailearekin eta hala guztiok harremanetan jarrita, mastodon.eus izango zenari forma emateko bilerak egiten hasi ginen.

Iametzarentzat ohore handia da eta ilusio handia egiten digu honelako proiektu baten sorreran parte hartu izanak. Gainera une honek bat egiten du burujabetza teknologikoaren inguruan egiten ari garen barne hausnarketarekin. Garrantzitsua iruditzen zaigu, herri bezala ahalduntzeko konpainia handien menpekotasun teknologikoaren aurrean alternatibak eraikitzea eta bide hori modu kolektiboan egitea.

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

Aurreko bidalketa
Burujabetza teknologikoa: Euskarabilduatik ikasitakoaren irakurketa
Hurrengo bidalketa
Gipuzkoako erdigunea: Felix Isasaren kalkulua, saroi bat eta Goiazko elizako “NP 368” plaka zirkularraren misterioaren argipena