Iametzak Arizmendi Ikastolarekin batera landutako Apika Steam proiektuak STEAM Euskadi zigilua lortu du

2017. urtetik Iametzak Arizmendi Ikastolarekin batera garatutako APIKA STEAM Laborategia (https://apika-steam.eus) izeneko proiektu esperimentalak STEAM Euskadi zigilua lortu du. Besteak beste, aipatutako proiektuak sormena eta ikasteko grina bultzatzea, pentsamendu zientifikoa eta konputazionala sustatzea, gaitasun sozial eta emozionalak garatzea, euskarari protagonismoa aitortzea, maker filosofia sustatzea, proiektuetan oinarritutako ikasketa programa barneratzea eta ikasleen artean Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika bezalako ezagutza eremuen inguruko interesa piztea dauka helburu.

Proiektua martxan jarri genuen lehenengo urtean, erronka zehatz bat proposatu genien ikasleei, euren oilategiko ateak automatikoki itxi eta irekitzea. Horretara bideratutako oinarriak erakutsi zitzaizkien, unitate didaktiko, bideo tutorial eta talde koaderno baten bidez, Arduino plaken eta Snap4Arduino bloke bidezko programazioaren bidez. 2019an ordea, nesken artean STEAM arloekiko interesa sustatu asmoz, teknologia adierazpide artistikoekin lotu zen, Makey Makey eta Scratch programazioa baliatuz. Aurten aldiz, Escape Room baten sorkuntza oinarria izanik, teknologiaren bidez giza gorputzaren atal desberdinen inguruko ezagutza barneratzea helburu duen egitasmoa landu genuen. Hala ere, Covid-19ak sortutako egoera bereziak hasierako ideia aldatu eta modu birtualean landu genuen, beti ere talde lana oinarri hartuta. Erronka horri heldu aurretik Scratch erabiliz programazioaren oinarriak ikasteko tutorial bat egin zuten ikasleek: petaloetatik abiatuta lorategi bat sortzea zen helburua. Ondoren, bideo-joko bat programatu zuten: logela bat koronabirusaz garbitzea. Ikasitakoa aplikatuz Escape Room-erako giza gorputzeko aparatuekin lotutako erronka bana programatu zuten ikasleek.

Loreen tutorialaren emaitza (sakatu bandera ikusteko)

Koronabirusaren bideo-jokoa. Koronabirusetan klik egin behar da logela garbitzeko (sakatu bandera jolasteko)

Aipatutako egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren diru-laguntzarekin jarri genuen martxan.

Aurreko bidalketa
Usurbilgo Kultur Bira: kultur eskaintza modu seguruan eta elkarlanean bermatzeko plataforma berria
Hurrengo bidalketa
Guztion.astigarraga.eus Astigarragako merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko webgunea garatu dugu