Xuxen Collaboran integratuta guztiontzat erabilgarri

Oharra 2020-03-30: Xuxen LibreOffice Onlinen ere integratzea lortu dugu! Hori ere nahi duenak eskuratu eta instalatzeko moduan jarri dugu.

Duela egun gutxi hil zen Albert Uderzo marrazkilari frantziarra. René Goscinnyrekin batera Asterixen komikiak sortu zituelako zen ezaguna. Zenbat aldiz irakurri ote nituen umetan? Komiki horien hasierako esaldia oso ezaguna da: “K.a. 50. urtean gaude. Erromatarrek Galia osoa armaz hartuta daukate… Osoa? Ez! Galiar menderaezin batzuek burua makurtu gabe eusten diete oraindik ere indarrez sartu nahi dutenei.”

Mendeak igaro dira Erromatar Inperioa erori zenetik. Gaur egun, bestelako inperio batzuk dira mundua menderatu nahian dabiltzanak: Google, Apple, Facebook, Amazon, Microsoft… Baina zorionez, badira software librearen eta teknologia burujabetzaren bidetik, multinazional handi horien kontroletik askatu nahi duten galiar herrixkak ere. Gero eta ugariagoak gainera!

Erraldoi teknologiko horiek hodeia zerbait etereoa balitz bezala saltzen digute, baina aurreko Euskarabildua Jardunaldietan ikasi genuen bezala “Hodeia beste norbaiten ordenagailua da“. Hau da, hodeira igotzen ditugun argazkiak, dokumentuak eta orokorrean gure datuak enpresa horien kontrolpean uzten ari garela. Informazioa boterea denez, botere metaketa hori oso arriskutsua da zentzu askotan.

iametzaren balioetako bat da teknologia burujabetza eta helburu hori lortzeko pausoak eman nahi dituzten erakunde, enpresa eta elkarteen bidelagun izaten saiatzen gara. Horretarako gomendatzen dugun tresnetako bat Nextcloud da. Nextcloudek gure hodei propioa sortu, gutxi batzuen monopolioa hautsi eta kontrola berreskuratzeko aukera ematen digu.

Iazko Euskarabilduan Frank Karlitschek, Nextcloud-eko sortzaileetako bat, izan genuen hizlari. Nextcloud Talk bidez eman zuen hitzaldia, nola ez eta jardunaldien Peertube instantzian ikus dezakezue osorik:

 

Nextcloudekin fitxategiak edonondik eta edozein gailutatik izango ditugu eskura. Horretaz gain, beste funtzionalitate asko dauzka: audio- eta bideo-konferentziak, agenda, kontaktuak, posta elektronikoa, zereginen kudeaketa, RSS jarioen irakurlea… Testu-fitxategiak, kalkulu-orriak eta aurkezpenak editatzeko aukera ere ematen du, LibreOffice Online-en oinarritutako Collabora CODEri esker.

 

Interesa duenak hub.docker.com errepositorioko gure profilean aurkituko du Collabora eta Xuxen integratuta dituen Docker-eko irudia eta beharrezko informazio tekniko guztia: https://hub.docker.com/r/iametza/collabora-xuxen

LibreOffice Online eta Xuxen integratuta dituen Docker-eko irudia eta beharrezko informazio teknikoa ere eskuragarri jarri ditugu: https://hub.docker.com/r/iametza/libreoffice-online-xuxen

Dockerfile-en iturburu-kodea gure Gitlabeko kontuan dago eskuragarri GNU GPLv3 lizentziarekin:

 

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

Aurreko bidalketa
iametzan telelana egingo dugu, Koronabirusagatik
Hurrengo bidalketa
Nextcloud bezalako soluzio libreen garrantzia Koronabirusaren garaian